Herritarrak erdigunean jarrita
'Zu! Zure udala’ zerbitzuak astelehenean hasi zuen bidea. Bi urteko lanaren ostean, Errenteriako Udalak, jarduera administratiboaren erdigunean jarri du herritarra, eta aro berri bat zabaldu du.
‘Zu! Zure udala’ zerbitzuan bederatzi langileetatik zazpi emakumeak dira Jarduera politiko eta administratiboaren erdigunean jarri du udalak herritarraGaurkoarekin, bost egun egingo ditu zabalik zerbitzu berriak, eta pozik dira hasieratik herritarrek eman duten erantzunarekin. Astelehenean, lehen egunean, 186 herritar pasatu ziren jada zerbitzutik, «erantzuna ona izaten ari da, eta dagoeneko detektatu dugu erabiltzaile gehien hurbiltzen diren ordutegiak, 09:30ean eta 11:00etatik 13:00etara bildu da jende gehien». Datu horiek tresna teknologikoei esker bildu dituzte, eta zerbitzuaren emaitzak erakustearekin batera, zerbitzua beharretara egokitzen lagunduko dien zalantzarik ez du. Astelehenetik ostiralera 07:30etik 15:00etara izango da zabalik, eta astearte eta ostegunetan 07:30etik 20:00etara. Zerbitzua hitz bakarrean definitu du Graciak, «erosoa». Aurrerantzean paperak «eta ez herritarrak» mugituko direla dio, «hurbiltasuna, desburokratizazioa suposatuko du, eta arreta pertsonalizatua, indibiduala, pertsona bakoitza ezberdina delako eta tratatu beharko dugulako ezberdin. Zerbitzu bat ematen duzu, baina kasuistikak hamaika dira, eta horiei guztiei modu indibidualizatuan erantzun behar diegu». Zerbitzuaren akronimoa [Zu!] horren erakusle dela dio, «pertsona, norbanakoa da. Pertsona jardunaren erdian jartzea da, udala herritarrari zor zaiolako. Enpresetan bada konpetentzia, eta ez bazaizu gustatzen beste batera zoaz, dituen baloreengatik, zerbitzuagatik, prezioagatik edo dena delakoagatik. Administrazio publikoak ematen duen zerbitzua, ordea, ez du beste inork ematen, eta herritar oro gure zerbitzuarekin eroso eta ase sentitzea bermatu behar dugu. Konpetentziarik ezean, guri dagokigu gure buruari galdetzea zer egin dezakegun hobetzeko, azkenean, herritarrena delako udala». Izapideen eskuliburua Bideak ere eman dio beste emaitza bat, ez nolanahikoa, udalari, Udal izapideen eskuliburua. Paradoxikoa badirudi ere, ezagutza hori guztia teknikoen buruan, eta sailetan barreiatuta baino ez zegoela esan du Graciak, «egin dugun lanari esker, zerbitzu berria dugu martxan, eta ezagutza hori guztia hartu eta liburu batean bildu dugu. Herritar batek zerbait egin behar duenean zein urrats egin behar dituen, edo langile berri bat udalean hasten denean zer eta nola egin behar duen jakiteko baliagarria da». Bi urteko bidea egin du udalak zerbitzua egi bihurtu duen arte. Argi dio Graciak, ez dutela beraiek ezer asmatu, inguruan badituztelako arreta zerbitzuak, «funtzionamendua hobetu daitekeela erakusten dutenak». Trebatzeko bi ikastaro egin dituzte IVAPen, eta bertan Irun, Pasaia, Zarautz, Urnieta, Elgoibar eta Azpeitiko langile, tekniko eta politikoekin harremanetan izan direla zehaztu du: «Oso anglizismo zaleak gara orain, eta benchmarking-a egin dugu bertan izan garenok, betiko ‘ikusi eta ikasi’, alegia. Esperientziak ezagutu eta bakoitzetik ikasi dugu, bertuteak hartuta gurera ekarri ditugu».
“Langileontzat positiboa da; beste modu batean egingo dugu lan”
Ixiar Amenabar. ‘Zu!’-ko langilea Zer aldaketa suposatu du langile gisa Zu! zure udala zerbitzuan hastea? Orain arte lan zehatz bat egiten aritu gara bakoitza, batzuk zerga bilketan aritu dira, besteak kontratazioan… Arreta zerbitzuarekin ezagutu behar dugu udal osoak nola funtzionatzen duen, nahiz eta oinarrizko gauzak egin, beste lankideak hor daudelako. Formakuntza aldetik sakona izan da, gogorra esango nuke. Lehen informazioa bakarrik ematen zen, eta zegokion sailera bideratzen zenuen. Orain momentuan egiten da kudeaketa guztia, eta herritarrentzat izugarria da hori, urrats izugarria, dena eginda zoazelako etxera. Hasi berriak gara, eta poliki ikasten joan behar dugu. Lehenengo astea izan duzue. Balorazioa zein da? Astelehenekoa izugarria izan zen. Orduan hasi ginen, eta ez dakit azoka eguna zelako edo, baina lepo izan zen. 186 herritar pasatu ziren bertatik. Jendearen harrera oso ona izan da. Zein onura izango ditu herritarrentzat zerbitzu berriak? Onura gehien herritarrek jasoko dute. Azken batean, ez dute ibili beharko bueltaka sailez sail eta hori izugarria da jada. Aurrerago, gainera, ogasuneko eta beste erakundeetako hainbat tramite egiteko aukera ere izango da bertatik. Egun berean etorri eta dena ahalko du egin herritarrak, informazioa jaso, helbideraketak aldatu, ordainketak egin… Alde horretatik herritarrentzat ona da. Ordutegia ere zabalagoa izango da, lehen mugatua zegoen, eta orain bi egunez 07:30etik 20:00etara izango da zabalik arreta zerbitzua. Herritarrak, gainera, ez du dokumentazioa behin eta berriz ekarri beharko, aurretik eskaneatu badiogu nortasun agiria, hor izango da, artxibaturik. Sailetako langileei ere on egingo die aldaketak. Sailak eguneratzeko aukera emango du lan egiteko molde berriak. Langileontzat positiboa izango da, beste modu batera lan egingo dugulako. Lehenengo egunean jendeak zer eskatu du? TAO txartelaren kudeaketa eta errolda dira herritarren eskaera nagusiak, gehien egin ditugunak. Zergak eta isunak ere kudeatu ditugu, baina batez ere lehenengo bi izapide horiek egitera etorri dira.Irunen, Hondarribian eta Pasaian ere, apustu bera
Iturri askotatik edan du Zu! Zure udala zerbitzuak, eta horietako bat izan da Irungo HAZ. Irungo Herritarren Arreta Zerbitzua izan zen Gipuzkoan abiatutako lehenengoa, eta 21 urteko esperientzia du. Aste honetan bertan jakinarazi ditu zerbitzuak 2017ak utzitako datuak, eta ezin hobeak izan dira. Izan ere, 83.000 hiritarretik gora jo dute bertara. Izaskun Larrarte arreta zerbitzuaren zuzendariak HAZ martxan jartzea izugarrizko abantaila izan zela dio, «hiritarrentzat zein udalarentzat». Duela 21 urteko administrazioaren egitura «bertikala» zela esan du, «funtzionario bakoitzak, gainera, gauza bakarra egiten zuen, errolda, ordainketak… Horrek izugarrizko ilarak sortzen zituen sail batzuetan, eta besteak, berriz, hutsik izaten ziren». Bartzelona eta Gasteizko esperientziei erreparatuta hasi zen orduan hausnartzen Irungo Udala, zer behar zuen erabakitzeko. Proiektu «berria eta ezezaguna» zen ordukoa, eta Irungo Udalak horretan lanean arituko ziren langile berriak kontratatzea erabaki zuen, «jendaurrean lan egiteko bereziki prestatu zituen langile horiek, freskotasuna emateko». Esperientzia «ezin hobea» izan dela dio: «Hiritarra ohituta genuen leihatila batetik bestera ibiltzen, eta kasu batzuetan ‘itzul zaitez bihar’ entzuten. Aldaketa handia izan zen herritarrentzat, eta hasieratik eman dute ontzat zerbitzua». Erabiltzaileak bikoiztu Onurak herritarrentzat, baita Irungo Udalarentzat ere: «Baliabideak arrazionalizatzea eta ekoizpena hobetzea ekarri zuen hasieratik HAZek». Zerbitzuak bidea hasi zuenetik ia bikoiztu egin da erabiltzaileen kopurua, baita Herritarren Arreta Zerbitzuan ari diren langileena ere: «Hasieran bost langile aritzen ziren mostradorean, bi telefono arreta egiten,eta arduradun bat. Gaur egun, harreran hamar lagun, telefono arreta egiten beste bost eta arduradun bat ari gara». HAZ erreferentziala dela argi du Larrartek, «irundarrek badakite bertan lagunduko ditugula, eta erreferentzialtasun hori oso garrantzitsua da guretzat». Irungo Udalaren arreta zerbitzua astelehenetik ostiralera dago zabalik, 08:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:00etara. Udan goizez eta astegunetan dago zabalik.Irungoa Gipuzkoako lehena izan zen. Iaz, 83.000 erabiltzaile izan zituen Pasaiako arreta zerbitzuak eguneko 150 herritar artatzen ditu hiru bulegoetanBidasoko beste udalak, Hondarribikoak, duela hemezortzi urte abiatu zuen BAZ Bizilagunen Arreta Zerbitzua. Maria Serrano Herritarren Harremanetarako, Merkataritza eta Turismo zinegotziaren esanetan, lana bulego bakarrean zentralizatzea ekarri zuen BAZ martxan jartzeak, «zerbitzu honi esker herritarrek ez dute ibili behar sail batetik bestera, erreferentzia gune bat dute». Hondarribiko arreta zerbitzuak, 60 izapidetik gora egiteko aukera eskaintzen die herritarrei, eta zabalik dago astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara. Udan goizeko ordutegian aritzen dira bakarrik. Hondarribiko arreta zerbitzuan erronka, udal guztientzat bezala, administrazio digitala dutela esan du Serranok, «egunerokotasunean gauza ugari egiten ditugu modu horretan udaletik kanpo, eta orain, udala ere horretara moldatzea dagokigu, tramite horiek guztiak modu elektronikoan egiteko aukera emateko». Hurbila, erosoa eta azkarra Pausu batzuk emanak ditu dagoeneko Pasaiako Herritarren Arreta Zerbitzuak. Duela bederatzi hilabete hasi zuen bidea «udala herritarrengana hurbiltzeko», Lore Suarez Pertsonal, Antolakuntza, Mugikortasun eta Kirol zinegotziak esan duenez. Izaera geografikoa dela-eta zailtasun bat du Pasaiak, lau barrutietan banatuta dago, eta beraz, hiru HAZ bulego zabaldu zituzten, Donibanen, Trintxerpen eta Antxon. Estatistiketara jo du Suarezek: «Datu bat badago, eta horren arabera herritar batek urtean bitan jotzen du udalera tramiteren bat egitera. Gure kasuan, gure herria geografikoki dispertsoa egonik, zailagoa da hori, Donibanera jo behar zutelako herritarrek tramiteak egitera. Udal administrazioa herritarrengana hurbiltzea beharrezkoa zela erabaki genuen, eta arreta zerbitzuko hiru bulegoetan gure zerbitzuak badiako hiru ertzak asetzen ditu». Hurbila, erosoa eta azkarra, hala definitu du zerbitzua Suarezek, «izapide batzuk, gainera, modu telematikoan edota telefonoz egin daitezke». Une honetan 150 tramitetik gora egin ditzakete herritarrek Pasaiako hiru HAZ bulegoetan, eta batez beste, martxan jarri zutenetik 150 erabiltzaile izan dituzte eguneko. Astelehenetik ostiralera daude zabalik bulegoak, 09:00etatik 14:00etara. Balorazio positiboa egin du Suarezek, «zoriondu egin gaituzte herritarrek zerbitzuagatik eta udalari lana sinplifikatzea ekarri dio». Positiboena datafonoa da Suarezentzat, «ordainketak ere bertan egin ditzakete herritarrek atzera eta aurrera ibili gabe», eta erreziboen helbideratzea ugaritu dela nabarmendu du. 24.000 pasaitar artatu dituzte zortzi hilabetean.