Bixi-Bixi elkarteak antolatuta elikadura eta dietetika osasuntsuaren gaineko tailerrak eskaintzen ari da Kristina Osa Garcia nutrizionista Donibanen; bihar, haurrentzako saioa du, 16:30ean, biblioteka berrian.
Bazen behin leizeetako gizakia… hala du izenburua, bihar (hilak 24, larunbata), Donibaneko biblioteka berrian eskainiko duten haurrentzako tailerrak. 16:30ean hasiko da saioa, eta ipuin kontaketa baten antzerakoa izango da. Askari baten bueltan elikadura eta dietetika osasuntsuaren gainekoak irudikatuko dituzte, dietetika eta nutrizioan aditu Kristina Osa Garciak gidatuta. Ondoren, antzezlan bat ere izango da, Kupela Clownen eskutik. Koldo Izagirrek idatzi eta Juanba Berasategik ilustratutako
Pasaiako herritik antzeztu, eta ondoren liburuaren ale bana oparituko diete bertaratzen diren haurrei. Saioa 6 eta 11 urte bitarteko umeentzako da, eta sarrera doan.
Bixi-Bixi elkarteak antolatu du haurrentzako saioa. Biharkoa, edonola ere, elikadura eta dietetika osasuntsuaren gainean antolatutako hitzaldi ziklo baten azkena izango da. Aurreko astean izan ziren beste bi solasaldiak, lehena helduei zuzendutakoa, eta gazteei begirakoa bigarrena. Garrantzitsua deritzo Kristina Osak adin tarteak bereizteari, hark tailerretan transmititzen duen mezua «beti berbera» bada ere, «kontatzeko modua desberdina» delako. «Helduekin lehengo ohiturei buruz hitz egitea dut, nondik nora goazen… haurrekin, hori guztia beste era batera lantzen dut, irudiekin, ipuin batean bezala». Eta gauza bera gazteekin. 14-16 urte bitarteko gazteentzako saioa egin zuen Bixi-Bixi elkartean lehengo astean, eta adin tarte «zaila» dela esan arren, «oso interesgarria» iruditzen zaio haiekin lan egitea. «Euren kezkak ezagutzeko aukera eman zidaten, eta hainbat ideia ere jaso nituen».
Iragana eta ohiturak
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda.
Aspalditik lan egiten du Kristina Osak dietista eta nutrizionista gisa, eta atzera begiratzea ezinbestekoa dela iruditzen zaio. «Elikadura osasuntsuaren oinarriak transmititzen urte asko daramatzat, eta historia kontatu beharra dagoela konturatu naiz: gure elikatzeko ohiturak nondik datozen aztertu», nabarmendu du.
Horregatik, eskaintzen dituen tailerretan, beti hiru garai historikotan jartzen duela arreta jakinarazi du: «Niri gustatzen zait hiru jauzi egitea gizakiaren historian: antzinako elikadura, hau da, basoan elikagaiak jaso eta ehiztariak ginenekoak. Kobazulora joatea gustatzen zait; gero baserria, eta azkenik, gaur egungo bizimodua».
Haurren saioetan, horrez gain, laugarren jauzi bat ere egiten du denboran, etorkizunera, «haurrek marrazkien bidez etorkizuna irudikatzeko».
Baina elikatzeko ohiturei bakarrik ez. Nolakoak garen azaltzeari ere dedikatzen dio denbora Osa Garciak. «Animaliak gara, behar anatomiko eta fisikoak ditugu, eta horrek lotura handia du, noski, gure jarduerarekin», nabarmendu du, «nola mugitzen garen, zer egiten dugun, zertan gastatzen dugun energia….». Izan ere, Osa Garciaren arabera, gure gorputzak zer behar duen aipatzeak, «behar horiek asetzeko elikagaiak zein diren antzematen laguntzen digu». Eta horretan zalantza gutxi du: «Honaino iritsi gara, batez ere, belarjaleak izanda. Dieta batez ere elikagai animalietan oinarritzen hasi garenean, gaixotasunak heldu dira».
Beste hainbat arlotan bezala, elikaduran eta nutrizioan ere oreka lortzea izaten da funtsezkoa, «oreka ematen diguten elikagaiak behar ditugu, eta horiek begetalen mundutik datozenak dira. Animalietatik datozenek desorekatzen gaituzte».
Aldizkako kontsumoan ez dagoela arazorik uste du, «gorputza horiek asimilatzeko gai delako». Baina arazoak hasten dira osasungarriak ez diren horien kontsumoa orokortzean: «Piramidea deitzen den horretan, jaten dugun aldiro, zerri eman behar diogun lehentasuna jakin behar dugu».
Ezagutza bai, baina…
Gaur egun interes handia pizten dute elikadura eta nutrizioaren gainekoek, eta oro har, jendeak gaiaz asko dakiela uste du Osa Garciak. Baina arazoa beste bat da, adituaren iritziz: «Urte hauetan konturatu naiz gauza asko dakizkigula baina ez garela kontziente. Kontua da ez gaituztela gai hauetan hezten. Hainbeste informazio dagoenez, nahastu egiten gara. Nire sentsazioa da gauzak jakin badakizkigula, baina beti berdina errepikatzen dugula, eta ez dugula aurrera egiten».
Eta hain zuzen, horretan eragin nahi du berak, bai eskaintzen dituen tailerretan, zein Buenavista auzoan duen kontsultan, modu pertsonalizatuagoan: «Niri, berez, elikaduraren heziketa gustatzen zait, aholkularitza. Ni ez naiz errezetak ematen dituen horietako bat. Nik tresnak erakusten ditut. Tresnak eman, norberak bere dieta era egokian kudea dezan, ulertuta, zer egin, zer jan eta zertarako. Eta ikasteko behingoz dakigun hori guztia nola egunerokora eraman».
Garrantzitsua deritzo ezagutza hori partekatzeari: «Denok jakin behar dugun gauza bat da. Bizitza osoan elikatu behar gara, eta askotan, guraso garen heinean, besteak ere elikatu behar ditugu».