Errenteriako Txirrindularitza Saria jokatuko da Haur eta Kimu kategorietan, etzi. Igandean, Gazte Mailako Saria eta San Marko Errenteriako saria.
Otxe eta Laguntasuna Txirrindularitza elkarteko kideak atzoko agerraldian. Argazkia: CARRERA
Txirrindularitza izango da protagonista asteburuan Errenteria-Oreretan. Hiru lasterketa izango dira larunbat eta igandean, horietatik bi Laguntasuna Txirrindularitza Elkarteak, eta bestea, Otxe Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak antolatua. Larunbatean, Errenteriako V. Txirrindularitza Saria jokatuko da Haur eta Kimu kategorietan. Laguntasunak eta Errenteriako Udaleko Kiroletako azpisailak antolatu duten proba 16:30etik aurrera egingo dute, eta ordubeteko iraupena izango du. Ibilbidea Nafarroa etorbidean egingo dute, Gabierrota eta Iztietako biribilguneen artean.
Gazteen txanda izango da igandean, izan ere, Gazte Mailako Errenteria Hiriko XXXIV. Txirrindularitza Saria antolatu du Laguntasunak udalarekin elkarlanean. Irteera eta helmuga Nafarroa etorbidean izango du probak, Matxaingo biribilgunearen parean. 16:30ean hasita, 77 kilometro egun beharko dituzte parte hartzaileek, Errenteria inguruko errepideetan, eta Gaintxurizketa gaina hiru aldiz igoko dute. Tropela 18:25 aldera heltzea helmugara espero dute antolatzaileek, eta horrez gain, Iztietatik eta Nafarroa Etorbidetik hiru aldiz igaroko da, 17:00etan, 17:30ean, eta 18:00etan.
Luxuzko parte hartzea espero dute antolatzaileek, “aurten Gazte Mailako denboraldian parte hartuko duten talde eta txirrindulari onenak izango baitira, eta horien artean, zalantzarik gabe, Errenteriako laguntasuna Txirrindularitza Elkartea izango da”. Taldeko txirrindulariek lasterketa ona egin eta ohorezko postuak lortzea espero du Laguntasunak. probaren amaieran irabazleek garaikurrak jasoko dituzte.
Euskadi MTB Opena
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak, lurraldeetako federazioek eta klubek antolatutako Euskadi MTB Openaren barruan, San Marko Errenteriako saria egingo dute bigarrenez Errenteria-Oreretan. Proba horrekin zabalduko dute guztira, zazpi lasterketa izango dituen opena, igandean OTXEk Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak antolatu duen lasterketarekin. San Marko gotorlekuan prestatu du lasterketa OTXEk 11:00etan hasita.
Kategoria guztiek ordu berean izango dute irteera, bi minutuko aldearekin. 23z azpiko Elite Mailako txirrindulariek 5 itzuli egin beharko dituzte; Master 40 kategoriako Junior Gazteek, hiru itzuli; Master 30 kategoriakoak, lau itzuli; eta Kadete kategoriakoek, bi itzuli.
Esfortzu berezia egiten ari direla txikienek ere parte hartu ahal izateko esan du OTXEk, eta 10-14 urte bitarteko haurrei begira ibilbide berezia prestatu du. Horrenbestez, kimuak eta haurrak 10:15ean izango dute irteera. Lizentzia eduki edo ez, egunean bertan izango dute azken horiek izena emateko aukera, eta eguneko asegurua egingo zaie ez federatuei. OTXEko arduradunek zehaztu dutenez, helburua “txikienek mendiko bizikletarekin lehen kontaktua edukitzea da, eta horretarako, neurrira egindako ibilbidea izango dute”.
Trafikoan eragina
Txirrindularitza probek trafikoan eragingo dute asteburuan, eta udaltzaingoak hainbat neurri hartuko ditu horiei begira. Larunbateko probari dagokionean, Nafarroa hiribidea (Galizia, Santa Klara eta Gabierrota biribilguneen artean) guztiz moztuko du 16:00etatik 17:15era.
Igandeko MTB Openari begira berriz, Bizarain gunea guztiz moztuko du 10:30etik 13:30era bitartean, eta sartzeko debekua Beraun eta Zamalbide sarbideetan ezarriko du. Arratsaldeko Gazte Mailako probari begira, aldizkako mozketak egingo ditu Udaltzaingoak Gaztela-Mantxa, Lezoko pasabidea, Nafarroa hiribidea (Galizia, Santa Klara, Gabierrota eta Lartzabalgo biribilguneen artean), 16:00ak eta 18:45 artean.
Gainera probei begira leku erreserbak egingo dituzte, eta bertan aparkatuta dauden autoak kendu beharko dituzte jabeek ezarritako ordutegietan. Nafarroa Hiribidean (Zumardia eta Santa Klara biribilguneen artean) larunbatean 13:00etatik 18:00etara ezingo da autoa utzi. Igandean, berriz, 13:00etatik 19:00ak arte izango da debekua. San Marko Gotorlekuko aparkalekua eta Txoritokietako bidegurutzearen zelaigunean ezingo da aparkatu 07:00etatik 13:30era arte.
Erdigunera mugituko diren gidariei ere aholkua egin die Udaltzaingoak, mozketek dirauten bitartean erdigunetik ez dezaten gidatu, eta ordezko bideak erabil ditzaten, N-1 saihesbidea auzoetara sartzeko erabilita. Gabierrota auzotik ezingo da sartu ezta atera ere moztuta dagoen bitartean, eta horren harira, auzotik kanpo aparka dezaten eskatu diete auzotarrei autoa erabili behar badute. Larrialdietarako sarrera-irteera bat egokituko dute, halaber, Gabierrota pasealekuan, Zubia tabernaren parean. Nafarroa Etorbidearen 19 eta 27 zenbakien artean aparkatuta dauden autoak, gainera, ezingo dira mugitu trafikoa berriro zabaldu arte.
Aparkalekuak egokituko ditu udalak bestalde, Arramendi parkeko zabalgunean (Lousada kalea) eta Fanderiako tenis pistan, larunbateko 14:00etatik, igandeko 20:00etara. Garraio publikoari dagokionean, mozketak dirauen bitartean, Zumardian, Gabierrotan eta Lartzabalen dauden geltokiak Diputazio plazara aldatuko dituzte.