Abiadura kontrolak egingo dituzte radar mugikorren bitartez; martxoa probarako hilabetea izango da.
Gehienez orduko 30 kilometrora; horixe da abiadura muga erdigunean.
Martxoan zehar radar mugikorrekin ausazko abiadura kontrolak egingo dituztela iragarri du udalak. Ohartarazteko bide seinaleak ere jarri dituzte jada hainbat tokitan, nahiz eta oraindik estalita dauden.
Udalak nabarmendu duenez, oinezkoen segurtasuna hobetzea da asmoa, autoen abiadura murriztuz. Azken urteetan gertatu diren istripuen arrazoiak aztertu ondoren hartu dute erabakia, kasu gehienetan istripuak gehiegizko abiadurarengatik gertatu direla ondorioztatuta.
Udalerriko “puntu ilunak” zerrendatu ditu udalak, eta tartean daude Antxoko Nafarroa Etorbidea eta Hamarretxeta kaleak; Trintxerpeko Euskadi Etorbidea, Jaizkibel, Andonaegi eta Arrandegi kaleak eta San Pedroko Pablo Enea eta Arraunlari.
Martxoan proba egingo dute. Udaltzaingoak abiadura kontrolak egingo ditu hainbat tokitan eta abiadura mugak gainditzen duten gidariei ohartaraziko zaie. Probaldia bukatzean, berriz, isunak jartzen hasiko dira. Apirilean sartuko da indarrean sistema berria, eta ordurako bide seinaleak ikusgarri egongo dira.
Arreta berezia jarriko dute, haur parke, zaharren egoitza, ikastetxe, eskola eta kirol guneen inguruetan.
Horrez gain, udalak aurreratu du ez duela baztertzen abiadura kontrol iraunkorrak ezartzea pertsonentzako arrisku gehien duten zonaldeetan.