Euskal Ligako bi finalaurrekoak irabazi dituzte EPLEko pilotariek, eta datorren urtean Errenteriako elkarteak bi leku ziurtatu ditu txapelketa horretan Ohorezko Mailan.
Iraitz Goikoetxea Zizurreko finalean. ARGAZKIA: ARDOI PILOTA ELKARTEA
Egindako lanak eman du uzta. EPLE Errenteriako Pilotaren Lagunen Elkarteak arrakastarik handiena lortu du bidea hasi zuenetik: Euskal Ligako bi finalaurrekoak irabazi dituzte EPLEko pilotariek, eta datorren urtean Errenteriako elkarteak bi leku ziurtatu ditu txapelketa horretan Ohorezko Mailan, eskuz binakakoan eta Seniorren Larruzko Paletan.
Larruzko Paletako finalaurrekoan, Eskisabel eta Rubenek 35-19 irabazi zuten Pagazpeko Milhet eta Begiristainen kontra. Usurbil-Zubietan jokatutako partidan, maila handia erakutsi zuten EPLEkoek. Euskal Ligako finalaurrekoan, berriz, Urmeneta-Aranburu bikoteak 22-11 utzi zuten markagailua Eskudero-Usandizagaren kontra. Ligaxka fasean erakutsitako mailari eutsi zioten EPLEko bi pilotariek Hernanin jokatutako partidan, eta horrek finalera eraman ditu.
Bidean lan handia egin dutela erakusten dute emaitza horiek, eta orain ginga jarri nahi du EPLEk. Horretarako bi txapelak etxera ekarri nahi ditu elkarteak. Bi finalen egunak eta ordutegia zehaztu gabe badago ere, Larruzko Paleta Finala Adurtza-Gasteizen jokatuko da larunbat arratsaldean; Eskuz Binakako finala, berriz, Zumarragan jokatuko da igandean.
Zizur eta Ortuellan, txapeldunorde
Zizurko eta Ortuellako txapelketetan ez zuten lortu EPLEko pilotariek txapela, baina txapeldunorde izan dira Iraitz Goikoetxea eta Iker Urmeneta. Zizurren, lau t’erdian 16-14 galdu zuen Goikoetxeak, Lazkaoko Garciaren kontra. Ondgi aritu zen Goikoetxea, eta garaipena esku artean izatera ere heldu zen, baina azkenean Lazkaotarrak jarri zuen markagailua bere alde.
Urmeneta, Hernaniko Lizeagarekin aritu zen bikote Ortuellan, eta ez zuten lortu Erreka taldeko Salaberria-Mariezkurrena bikotea irabaztea. 12-22 amaitu zuten partida.