Orereta Laikoa/Laikotasuna taldea sortu dute. Erakunde erlijiosoak eta zibilak bereizteko zein urrats egin behar dituzten aztertzen ari dira.
Erakunde erlijioso eta zibilak bereiztea eskatzen dute.
Orereta Laikoa/Laikotasuna taldea sortu dute Errenteria-Oreretan. Oarsoaldeko bizilagunak dira eta Oreretako hainbat eragile sozialekin elkarlanean ari dira Errenteriako laikotasunaren mapa egiteko. Horrekin batera, erakunde erlijiosoak eta zibilak bereizteko zein urrats egin behar dituzten aztertzen ari direla jakinarazi du taldeak. Lehen urratsa, asteartean (hilak 13) egingo dute. Izan ere, hitzaldia antolatu dute
Elizaren inmatrikulazioak goiburuarekin Xenpelar Etxean 19:00etan. Andres Valentin Gonzalez, Nafarroako Ondare Babeserako Plataforma eta Espainiako Estatuko Recuperando plataformetako kidea izango da hizlaria.
Oinarrizko eskubide demokratikoa dela laikotasuna esan du taldeak, “guztiak berdinak gara legearen aurrean. Horregatik, ez elizek ez erlijiosoek ezin dute gainerako herritarren gainetik egon. Legeek akonfesionaltasuna onartzen dute, guk, eliza eta zerbitzu publikoen arteko bereizketa eskatzen dugu”.