Errenteria Musikalen izena emateko epea astelehenean (hilak 12) zabalduko dute, eta lehen aldiz matrikulatu nahi duten ikasleek hilaren 23ra arte izango dute horretarako aukera.
Jokin Sukuntza Errenteria Musikaleko zuzendaria eta Garazi Lopez de Etxezarreta Musika Patronatuko lehendakaria.
Errenteria Musikalen izena emateko epea astelehenean (hilak 12) zabalduko dute, eta lehen aldiz matrikulatu nahi duten ikasleek hilaren 23ra arte izango dute horretarako aukera. Dagoeneko ikasleak direnek, hilaren 12 eta 13an egin beharko dute matrikula. Aurreko ikasturtearekin alderatuta hezkuntza eskaintza eta tasak hobetu dituztela esan du Garazi Lopez Etxezarreta Musika Patronatuko lehendakariak: “Hezkuntza eskaintzari dagokionean, dantza arloan emango da berrikuntza nagusiena. Izan ere, datorren ikasturtetik aurrera, ikasturteak desagertu, eta maila bakoitzean dauden ikasleak beren garapena eta gaitasunaren arabera taldekatuko dituzte”.
Instrumentuei dagokienean, kontrabaxua, tuba, bonbardinoa, biola eta oboea sustatu nahi ditu Errenteria Musikalek: “Taldeetan dauden gabeziak aztertu ditugu musika taldeak sortzeko garaian eta instrumentu horiek sustatzeko beharraz antzeman dugu. Ikasgai horietan matrikulatzen diren adingabeek %100ko hobaria izango dute ikasgaian eta lehen hiru ikasturte akademikoetan”. Hobari hori baliatzen duten ikasleek ezingo dute instrumentua aldatu lehen hiru ikasturte akademikoetan.
Hobariak izango dituzte ikasleek aurten ere. Horrela, oinarrizko errenta edota larrialdiko laguntza jasotzen dutenek, kopuru batetik beherako diru sarrerak dituztenek, Errenteria Musikalen entitate kolaboratzaileekin parte hartzen duten ikasleek, eta ikaslearen bizikidetza unitatearen adin nagusiko pertsona bat edo gehiago matrikulatzen direnean. Horiek guztiak
Herri Biziaren webgunean kontsulta daitezke.
Ikastegian eskaintzen duten formazioaren gaineko hitzaldiak eskainiko dituzte, bestalde, hilaren 15ean, 18:30ean musikaren gainekoa, eta 19:15ean dantzari buruzkoa.