Donostiaren inguruan, Oarsoaldean eta Bidasoan barne, merkataritza gune berriak egin edo daudenak handituko dituztelako, kezka agertu du EH Bilduk.
EH Bilduko ordezkariak, gaur Donostian egin duten agerraldian.
Bidasoan, Oarsoaldean, Donostialdean eta Buruntzaldean hainbat merkatalgune handi berri irekitzeko egitasmoak daude, baita egun zabalik dauden batzuk handitzeko ere. EH Bilduk horren gaineko kezka adierazi du gaur, agerraldi bidez, esanaz berrien eta zabalduko direnen artean 200.000 metro koadro gehiago izango dituztela eskualde horietan saltoki erraldoi horiek, egungo 180.000 metro koadroei gehitu beharko litzaizkiekeenak: “Egungo oreka ahula lehertu egingo da erabat horiek eraikitzen badira. Kaltetuak dendari txikiak izango dira, eta haiekin batera, gure herriak eta herritarrak”.
Agerraldian izan dira Irun, Hondarribia, Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo EH Bilduren hautetsiak, Donostia, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Andoain eta Usurbilekoekin batera, hau da, merkataritza gune handiak dituzten edo eraikitzear diren herrietako kideak, nahiz horien eragina dutenenak. Euren kezka Gipuzkoako hainbat sektore sozioekonomikotan partekatuak direla adierazi dute, “merkataritza gune handien zabalkundeak hankaz gora jar ditzakeelako dagoeneko ahul samarrak izan daitezkeen orekak”.
EH Bilduko kideek gune berriak eta handitzera dozenak zerrendatu dituzte. Besteak beste, Hondarribian Zaldunbordan egin asmo duten outlet herrixka (40.000 metro koadro); Donostian Garberaren handitzea, eta Illunbe eta Belartza 2 (beste 100.000 metro koadro baino gehiago); Lasarte-Orian Teresategi eta Michelin (37.000 metro koadro); edo Usurbilen Urbilen handitzea (37.000 metro koadro). Nazioartean saltoki handien eredua agortzen ari dela jakinarazi du EH Bilduk, batez ere online merkataritzak hartu duen indarragatik.
Proposamena
Horri aurre egiteko proposamena landu du EH Bilduk. Horren arabera, “bereziki bere ardura instituzionalagatik” EAJ eta PSE-EEri zuzendu die asmoa: “Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Arloko Plan berrian, merkataritza gune handiei 2004an ezarritako mugak berreskuratzea, eta bestetik, onartuta dauden egitasmoei moratoria bat aplikatzea. Plan hori onartu bitartean, Donostia inguruko udalek inongo garapenik ez ahalbidetzea ere eskatzen dugu”.
Indar politiko nagusien artean akordio politiko zabala eskatu du zentzu horretan alderdiak “erabaki okerrak hartu baino lehen. EH Bildu koherentea izango da planteamendu horrekin, eta gure udaletan lantzen ari diren arau subsidiarioen berrikuspenetan edo plan orokor berrietan irizpideon arabera ekiteko konpromisoa hartzen dugu”.
Lokal hutsez beteriko kaleak eta plazak ez ditu ikusi nahi EH Bilduk, “lotarako herrietan ez du inork bizi nahi. EH Bildu koherentea izango da apustu horrekin, eta EAJk eta PSE-EEk bat egitea espero dugu”.