EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan grebara deitu dute bihar eta etzi. Oarsoaldeko lau herrietako bederatzi ikastetxek egingo dute bat deialdiarekin.
Lezo Herri Eskolako irakasleak aurretik egindako elkarretaratzean.
EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan grebara deitu dute bihar eta etzi. Oarsoaldeko lau herrietako bederatzi ikastetxek egingo dute bat deialdiarekin: Errenteria-Oreretako Koldo Mitxelena Herri Ikastetxea, Koldo Mitxelena Institutua, Cristobal Gamon Ikastetxea, eta Bizarain Ikastola; Oiartzungo Elizalde Herri Eskola eta Elizalde Institutua; Lezoko, Lezo herri Eskola eta Lezo Institutua; eta Pasaiako Karmengo Ama ikastetxea.
Lezo Herri Eskolako irakaslea da Itxaso Briz, eta argi mintzo da, arrazoi gutxiago dituztela greba ez egiteko, egiteko baino esan du eta irakasleen eskaera nagusiak aletu ditu, ez guztiak, asko baitira greba egitera eramango dituztenak bihar eta etzi: “Eskatzen ari garena 2009an eskola publikoak zuen egoerara itzultzea da”. Bederatzi urte atzera egitea, alegia une hartan zituzten baliabide guztiak berreskuratzeko, “une hartan, ordezkapenak lehen egunetik egiten ziren. Gaur egun, etaparen arabera betetzen dira: Haur Hezkuntzan bigarren egunetik aurrera, eta Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan bosgarren egunetik aurrera”.
Ikasle horiek, beren irakaslea gaixorik dagoen bitartean zainduta daudela dio Brizek, “baina eskola eta lan orduak galdu dituzte tarte horretan ikasle horiek”. Krisi garaiarekin batera heldu zirela murrizketak hezkuntza publikora gogorarazi du Lezo Herri Eskolako irakasleak, “dirurik ez omen zegoen horretarako. Orain beraiei, Hezkuntza Sailari eta Eusko Jaurlaritzari ahoa betetzen zaie esanez krisia, nonbait, gainditzen ari garela. Krisi garaian gurekin oroitu ziren bezala, beraien esanetan krisia gainditzen ari den honetan ere gurekin oroitzeko eskatzen diegu”.
Ez da aldarrikapen bakarra, garai haietako ratioetara itzultzeko ere eskatzen ari dira, “ikasle kopurua igo da urte hauetan hezkuntza publikoan, irakasleena ez”. Lezo Herri Eskolan 2 eta 12 urte arteko 550 ikasle ari dira ikasturte honetan, eta 46 irakasle. Ikasle etorkinei ere erreparatu die Brizek, gehienak eskola publikoan daudela dio eta edozein unean sartzen direla eskolara, baita kurtsoa hasita dagoenean eta behar batzuk dituztela, hizkuntzan errefortzua egitea kasu, “ikasle horiek dituzten beharrak gehitu egiten dira, eta beraz, ikastetxeak ere behar gehiago ditu, baliabideak, ordea ez dira ugaritzen”. Ikastetxeetan ezarritako murrizketekin batera, irakasleen soldatak ere murriztu edota izoztu egin dituzte urte hauetan irakasleak azaldu duenez, “galdutako guztia berreskuratzeko garaia da”. Behin-behinekotasunarekin amaitzea da beste aldarrikapenetako bat, “behin-behinean dauden langileen tasa oso altua da hezkuntza publikoan, eta horrekin amaitzeko Enplegu Publikoaren Eskaintzan plantilla egonkorrak bermatzea eskatzen dugu, hori delako modu bakarra ikastetxe batek bere proiektuak aurrera ateratzeko”.
Ildo beretik mintzatu da Amaia Etxebeste Errenteria-Oreretako Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeko zuzendaria: “Lehenengo egunetik nahi ditugu ordezkapenak eta ez bosgarren egunetik aurrera”. Irakasleen egonkortasuna ezinbestekoa dela gaineratu du, “ikasleen hainbeste aldaketa izan ez ditzaten eta ikastetxean abian ditugun plana eta proiektuak jarraipena izan dezaten. Gurean, ikasturtero irakasle aldaketa ugari ditugu”.
Liburutegien gainean hitz egin du bestalde, Etxebestek, zabalik eta bizirik nahi dituztela esan du, “gure ikastetxearen kasuan, liburuzainak erretiroa hartu eta ez digute giza baliabiderik jarri”. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek baliabide nahikorik ez dutela eta hezkuntzan ematen den segregazioa salatzeko modua ere badela greba gaineratu du, baita LOMCE eta “horren moldaketa hutsa” den Heziberri bertan behera uztea eskatzeko.
Proposamen seriorik ez
Hezkuntza publikoan egindako mobilizazioak ez dira berriak. Hala ere, Hezkuntza Sailetik proposamen seriorik ez dutela jaso salatu du Brizek, “ez du inolako kasurik egiten, jarraitzen du proposamen serio bat mahai gainean jarri gabe, eta horrek eraman gaitu erabaki hauek hartzera. Hezkuntza Sailaren utzikeria izugarria da, badakite zeintzuk diren gure aldarrikapenak, eta urtarrilean egindako bileran otsaila erdialdean berriz ere bilduko zirela agindu bazuten ere, irakasleen sektorean ez dira berriro bildu”.
Gizartearen parte diren neurrian, Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari kalitatezko eskola publikoa eskatzea dagokiela gurasoei uste du Brizek, “kalitate handiko eskola publiko bat dugu egun, baina gehienbat profesionalengan erortzen ari da ardura hori. Irakasleok ari gara eusten gaur egun ezagutzen dugun eskola publikoa, eta gizarte aldarrikapena beharko luke. pentsionistak kalean dira, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira deitutako grebak erantzun izugarria izan du… eskola publikoaren defentsan gizarteak aurrera pausua ematea falta da, konpromisoa zerbitzu publiko honen alde”.
Aurreko greban Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek esandakoa ekarri du gogora: “Familiak bahitzen ari ginela esan zuen, eta oso minduta gelditu ginen batzuk. EHIGEk, Gurasoen Elkarteak gure eskaerekin bat egiten zutela esan ziguten, ‘zuek segi aurrera zuekin gaude’ esan ziguten”.