Planaren onarpena, EAJren iritziz, "badiaren biziberritze integralerako bidean aurrera pauso handia" da.
Begira jotzen du altxatu duten hormaren handitasunak.
“Denbora luzez eta irrikaz” itxarondako albistea da EAJrentzat Portuko Plan Bereziaren Berrikuspenaren onarpena. Goraipatu duenez, plana onartzeak “biziberritze proiektu integralaren barruan aurreikusita eta planifikatuta dauden beste eremu batzuetan aurrera egitea ahalbidetzen du, hala nola; Hospitalillon, Trintxerpeko moilan edo kaiko Herreran, ipar eremuan”.
Edonola ere, hirigintza zinegotziak dio ez duela “itxaropen faltsua” haizatu nahi, eta
plana atzo onartu izanagatik lanak ez direla berehalakoan hasiko ohartarazi du, proiektu “oso zabala” delako eta egitasmo asko barne hartzen dituelako. Ondokoak zerrendatu ditu Oterminek: “Pasealekua moilan, anfiteatroa eta aparkalekua Hospitalillon eta enpresa-parkea kaiko Herreran, iparraldeko eremuan”.
Bozeramaile jeltzaleak, bidenabar, Aldundiak adinekoen egoitza Pasaian eraikitzeko hartua duen konpromisoa goraipatu du. “Proposamen hori, gainera, Batzar Nagusietan onartua izan da eta orain Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñarekin ari gara lantzen”, gaineratu du.
Ohar berean, Oterminek jakinarazi du Herrera eta Trintxerpe artean pasarela berria eraikitzeko lanak urte bukaerarako amaituta egongo direla.
Azkenik, elkarlana txalotu eta Pasaiako hirigintza zinegotziak atzoko akordioa gauzatu zedin egindako lan eskerga goraipatu dute jeltzaleek.