Igandean itxiko du astea Lesoinuk, Errenteriako Kukai Dantzaren Oskara Plazara emanaldiarekin. Ikuskizun horretarako sarrerak agortuta daude.
Oskara ikuskizuna. Argazkia: Gorka Bravo.
Lesoinu Aste Pedagokiko Musikalaren barruan tailer didaktikoen txanda izango da gaur arratsaldean. Tomas Garbizu Lezoko Udaleko Musika Eskolan 18:00etan izango da tailer hori, eta urtero bezala instrumentu bat aurkeztu eta hura probatzeko aukera eskainiko dute. Lesoinu musika eskolako ikasleei zuzenduta dago bereziki, baina edonork har dezake parte. Guztira 300 ikasle biltzen ditu aste pedagogikoak, eta parte hartzaile gehienak ikasleak direnez, musika munduaren gainean duten ezagutza zabaltzeko egokia izaten da aste hori. Gaurko tailerra gidatzeaz, ikasle talde bat arduratuko da.
Kontzertuen txanda helduko da bihar. Gezala auditorioak Astigarraga eta Lezoko musika eskolako ikasleen konbo, rock eta folk kontzertuak hartuko ditu 19:00etatik aurrera. Kantu jirak hartuko du Lesoinuren lekukoa larunbatean 12:30ean Aiton Bordatik abiatuta; Jim Beans hirukoteak, berriz, country kontzertua emango du Gurutze Santuaren plazan 13:30ean hasita. Arratsaldean, berriz, Udal Musika Banda kalerik kale ibiliko da, eta ordu berean, abesbatzen kontzertua izango da Gezalan Gordexolako (Bizkaia) Isasiko Ama eta Lezoko Sutargi abesbatzen eskutik.
Igandean itxiko du astea Lesoinuk. Txistularien dianak esnatuko ditu bazterrak 10:00etan eta arratsaldean goi mailako ikuskizuna hartuko du Gezalak: Errenteriako Kukai Dantzaren
Oskara Plazara emanaldia. 20:00etan izango da eta ikuskizun horretarako sarrerak agortuta daude.