Francori ohoreak kentzea defendatuko du Pasaiak Ahal Du-k mozio bidez
Koalizio morearen arabera Fracncoren ohorezko alkate izendapena indarrean jarraitzen du Pasaian.
Julen Rodriguez, Maria Valiente, Josetxo Arrieta eta Izaskun Urruzola, gaurko agerraldian.
Pasaiako Ahal Dugu zirkuluak eta Puede Pasaiak Ahal Du udal taldeak Francisco Franco Bahamonderi Pasaiako ohorezko alkatearen titulua kentzeko mozio bat aurkeztu dute.
Koalizioak gaur Trintxerpen egin duen agerraldian salatu duenez, 1949ko abuztuaren 22an Pasaiako Udalbatzak ohorezko alkate izendatu zuen diktadorea, eta izendapen hura gaur egun oraindik indarrean dela gaineratu dute.
Izendapen bera urte berean inguruko beste hainbat herritan egin zela jakinarazi dute agerraldi berean, eta Lezoko kasua aipatu dute adibide gisa. Lezon, baina, 2009. urtean diktadoreari ohoreak kendu zizkiotela gaineratu dute.
PADk gogoratu du Oroimen Historikoaren Legea orain dela hamar urte onartu zela, eta bereziki larritzat jo du onarpenetik hamarkada bat pasatu denean Pasaiako izendapena indarrean jarraitzea.
Mozioak, aipatutakoez gain, beste hainbat eskari jasotzen ditu: “Udalerrian Oroimenaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Batzorde bat osatzea; Euskal Herrian Oroimen Historikoaren udal sare bat osatzeko izapideak hastea eta udalerrian bere fatxadetan uztarria eta geziak mantentzen dituzten eraikinen errolda bat egitea hauek ken daitezen”.
Gaurko agerraldian Pasaia Ahal Du-ren bozeramaile Julen Rodriguez, Maria Valiente batzarkidea, Josetxo Arrieta senataria eta Izaskun Urruzola izan dira, azkena, Pasaiako ahal Dugu-ren zirkuluaren izenean.
Valientek eta Arrietak alderdian memoria historikoaren esparruan egiten ari diren lanaren berri eman dute.