Touringen egungo zuzendaritzak ez du dimisioa aurkezteko asmorik. Hala jakinarazi diote HITZAri Paco Arrilaga presidenteak eta Felipe Gonzalez idazkariak.
Fanderiako zelaian du egoitza Touring Kirol Elkarteak.
Touringen egungo zuzendaritzak ez du dimisioa emateko asmorik. Hala jakinarazi diote HITZAri Paco Arrilaga presidenteak eta Felipe Gonzalez idazkariak, eta bide guztiak agortu arte jarraituko dutela zuzendaritzan esan dute. Minduta azaldu dira biak,
Touring Berria plataformako kideek egindako eskaerarekin baino, moduarengatik: “Duela hilabete bildu ginen plataformako sei kiderekin beraiek eskatuta, eta esan ziguten egungo zuzendaritza joatea nahi zutela, beraiek hartzeko ardura hori, horretarako prestatuta daudela uste dutela, eta Touring Kirol Elkartea hondoratuta dagoela ekonomikoki eta kirol arloan”.
Hori ez dela egia, esan du Arrillagak: “Zuzendaritzara heldu ginenean, aurreko zuzendaritzak utzitako bi zulo ekonomiko hartu behar izan genituen gure gain, 24.000 eurokoa bata, eta 40.000 eurokoa bestea. Ordaintzen ari gara, eta lehenengoa kitatzeko bi hilabeteko kuotak ordaintzea, eta bigarrenetik 12.000 euro ordaintzea falta zaigu. Egoera ekonomikoaren berri, kirol kontuekin batera, urtero ekainean egiten den batzarrean ematen zaie bazkideei”. Batzar horietara, ordea, bazkide gutxi batzuk baino ez direla azaltzen erantsi du Arrillagak, “tristea da, baina gehienez zortzi bazkide etortzen dira”.
Touringen lehenengo taldeko jokalarien “ihesaldia” izan zela iaz aitortu du, baina zuzendaritzarekin harremanik ez duela izan gaineratu du Gonzalezek: “Batzuk joan dira ez zeudelako ados, baina beste batzuk futbola utzi dutelako, eta beste batzuk, berriz, goragoko mailetan ari diren taldeetara joateko, Pasaia Kirol Elkartera kasu”.
Emakumeen futbolaren gainean ere aritu dira, eta kategoria guztietan dituela emakume taldeak Touringek azaldu dute: “Ohorezko kadetea ere badugu, maila guztiak daude ordezkatuta. Gure herriko beste futbol elkarteetan ez dago emakume talderik une honetan. Uste dugu, gainera, ona dela egoera arlo horretan”.
“Oldarkor” aritzea leporatu
Urtebete darama Arrillagak presidente Touringen, baina aurretik 20 urtez aritu da kargu berean. Plataformari, Touringek “zuloa” zuenean non izan den galdetu dio: “Guk hartu genuenean zulo ekonomikoa zuen elkarteak, baina orduan ez zen plataformarik sortu, ez zen inor agertu babestera, eta besoak zabalik hartuko genituen. Egoera larri haren aurrean inor ez zen hurbildu”.
“Oldarkor” aritzea leporatu dio plataformari Gonzalezek, “etorri dira eta esan digute bazkide eta jarraitzaile batzuk direla, uste dutela gaitasuna dutela Touring aurrera ateratzeko, eta guk alde egitea nahi dutela. Touring lagundu nahi badute, benetan, elkarlanean aritzeko etortzea zuten, babestera, zulotik ateratzera, eta ondoren, datorren urteko hauteskundeetan euren burua eta proiektua aurkeztu zuzendaritzarako. Hiru proiektu eta hautagaitza daudela? Bada primeran, bazkideek erabaki dezatela”.
Prozedura errespetatu behar dela erantsi du elkarteko egungo idazkariak: “Babesa lortu behar dute, bazkide kopuru jakin baten sinadurak bildu, ezohiko batzar bat deitu, zentsura mozioa aurkeztu, eta ondoren gida batzorde batek hauteskundeetara deitu behar du. Azken hitza bazkideena da, beraiek aukeratu behar dute eta bozkatu. Laguntzera etor zaitezke, baina ez estutzera eta kluba gehiago hondoratzera”.