Bertako pasoen balio artistikoa nabarmendu dute.
Donibaneko prozesioa, Ostiral Santuan, ikusgarria izaten da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalegin berezia egin nahi izan du aurten, lurraldean tradizio luzeena duten Aste Santuko prozesioetan begirada jarri eta horiek turismoa erakartzeko trena gisa aurkezteko.
Atzo aurkeztu zuten Aste Santuko eskaintza, eta nabarmendu zituztenen artean Donibaneko Ostiral Santuko prozesioa izan zen. Agerraldian goraipatu zutenez, Ehorzketa Santuaren prozesioa XVII. mendean sortu zen eta esan zuten aipatu prozesioan zazpi paso kaleratzen dituztela, balio handikoak denak: “Gipuzkoan dauden onenetakoak”.
Zehaztu zutenez, zazpi pasotan garrantzitsuena Bonantzako kristoa da, XVII. mendearen hasieran arrantzaleek itsasoan aurkitutakoa. Horiez gain, badira beste bi taila barrokoak, “Jesus zutabe bati lotuta, eta Jesus gurutzea bizkarrean duela”. Baratzeko Otoitzaldia, Andre Maria doloretakoa, San Juan ebanjelaria, Bristoleko Kristoa eta Veronicaren hil-oihalaren aurpegi santua osatzen dute Donibaneko prozesioa.
Prozesio ikusgarria
Ikusgarri izaten da Donibaneko prozesioa. 20:30ean irteten da San Juan Bataiatzailearen parrokiatik, plazara bidean, eta hara iritsita parrokiara itzultzen dituzte zazpi pasoak bueltan.
Parte zaharreko kale estuaren barrena, tunelak zeharkatzeko makurtu behar izaten dute pasoak daramatzaten fededunek, eta nabarmendu zutenez “baita aingeruari hegalak kendu”.
Horrez gain, ibilbidea argiztatzeko balkoietan oliozko argiontziak eta kandelak jarri ohi dituzte herritarrek, eta Beronika eta San Migel arkanjeluaren pertsonaiak sanjuandarrek antzezten dituzte.