Portuko Plan Berezia "etorkizunerako hipoteka" dela dio EH Bilduk
"Pertsonen interesen bizkar" egina dela uste du Pasaiako koalizio abertzaleak.
Pasaiako EH Bilduren ustez, Portuko Plan Berezia Portuko Agintaritzak diseinatu du kaiko Herreraren “lurzoruaren jabetza mantentzeko helburu espekulatibo hutsarekin”. Lurzoru osoaren %90 pabiloiekin okupatuko dutela ohartarazi du koalizioak, baina jarduera ekonomikoaren ikuspuntutik “basamortua” izango dela ohartarazi du, beren iritziz, “kalitatezko lanpostu bat bera ere ez dutelako sortuko”.
Pasaiako EH Bilduren ustez, Plan Bereziaren bultzatzaileak jendearen asperraldiaz baliatzen dira beren egitasmoak aurrera eramateko, eta bereziki larria iruditzen zaie finantzazioaz argibiderik ez eman izana: “Kostua oraindik ez dute argitu. Zenbat, nola, eta noren kontura espero du Portu Agintaritzak jasotzea libratuko duen lurrarengatik dirua?” galdetu du koalizioak Adinberri izendatu duten egitasmoari erreferentzia eginez, eta Hospitalilloko lurrak publikoak direla nabarmendu dute.
Pasaiako EH Bilduren ustez benetako biziberritzea ez du ezer ikustekorik Portuko Plan Bereziak jasotzen duenarekin, eta beste eredu baten alde egin dute. “Indarrean dagoen hirigintza antolamendua errespetatu beharra dago, topoa lurperatu, Luzuriagako eraikina berreskuratu, barrutien arteko komunikazio itsaso bidez erraztu, Ondartxoko proiektua garatu eta kalitatezko enplegua sortu”, aldarrikatu dute, eta “herritarrekin eskuz esku eredu horren alde” lan egiteko konpromisoa berretsi dute.