Errenteria Musikalen kudeaketaren gaineko kezka azaldu du EAJk, eta horren harira, patronatuaren gaineko hausnarketa eskatu du.
EAJko hiru zinegotziak martxoko plenoan.
Errenteria Musikalen kudeaketaren gaineko kezka azaldu du EAJk, eta horren harira, patronatuaren gaineko hausnarketa eskatu du. Martxoko plenoak Errenteria Musikaleko tasak izoztea proposatu zuen, eta aurrera egin zuen proposamen horrek. EAJk azaldu du ez dagoela izoztearen kontra: “Bere garaian, ordenantza fiskalak onartzeko unean tasa eta zergen izoztea eskatu zuen gure alderdiak, baina udal gobernuak, %2ko igoera proposatu zuen orokorrean. Orain Errenteria Musikaleko tasak izoztea proposatu du, eta kezkatuta gaude, agertu den aurreikuspen faltagatik”.
Patronatuaren kudeaketak, “noraeza” erakusten duela erantsi du Elixabete Muruak, EAJk Errenteria Musikalen duen ordezkariak: “Aurrekoarekin batera, horren adierazle dira azken bi urteetan Errenteria Musikalen gainean hartutako erabakiak. 2016ko martxoan, zuzendari kudeatzaile baten beharra zegoela planteatu zen eta kontratazioa martxan jarri. Bi urterako postua da, baina urtebete gehiagoz luzagarria. Langileen lan baldintzengatik arazoak izan dira. Negoziazioak bertan behera gelditu ziren eta epaitegira jo zuten langileek. 2017an arrazoia eman die epaitegiak langile laboralei, eta funtzionarioen kasuan, sententziaren zain gaude. 2018an, gainera, lanpostuen zerrenda aldatu da, oraindik ere, 2019ra arte indarrean egon zitekeen zuzendari kudeatzailearen lanpostua, lanpostuen zerrendan sartuz”.
Errenteria Musikal patronatua desegiteko edota mantentzeko azterketa egiten ari dela erantsi du EAJk, eta ez duela ulertzen, beraz, hausnarketa horren ondoren hartu beharreko erabakiak aurretik hartzea: “Zergatik sortzen ditugu lanpostu berriak patronatuaren etorkizuna, eta ondorioz, bere kudeaketa erabaki aurretik?”. Horrenbestez, patronatu horren gaineko hausnarketa abiatzea eskatu du alderdi jeltzaleak, “horrekin batera, hausnarketak markatutako bidean hartzea erabakiak, eta Errenteria Musikalen noraeza gelditzea eskatzen dugu”.