Ringaren soka artetik
Espainiako Txapelketa irabazita, gerrikoa Errenteriara ekarri nahi zuen Sebas ‘Latigo’ Perezek. Ezinezkoa izan du. Europara begira jarri da orain 21 urteko boxeolari errenteriarra.
Europako Batasuneko txapelketari begira jarri da Latigo Lau alditan irabazi du Gipuzkoa eta Euskadiko txapela, eta bitan EspainiakoaAita boxeolaria izan da, baina entrenatzaile gisa mintzatu da: «Boxeoa ardura handia da, sakrifizio handia eskatzen du. Guregana ama bat baino gehiago etorri da seme-alabek jarrera bortitza zutela eta. Gimnasioan konstantzia, errespetua, edukazioa, kideekin atseginak izaten erakusten diegu. Gaur egun erritmo bizian aritzen gara, arazo mordoa ditu gizarteak, estresak jota bizi gara. Gimnasiora etorri, zakuari lauzpabost kolpe jo, lagunekin hitz egin eta hobeto itzultzen da jendea etxera. Egia da hurrengo egunean arazo berak dituzula, baina gutxienez zama arintzeko balio du». Emakumeak boxeolari Latigok gaineratu du boxeoa beste kirol aukera bat bilakatu dela guraso askorentzat. Eta gero eta gehiago dira ere boxeora hurbildu diren emakumeak. Ez zela ohikoa, baina hori ere aldatzen ari dela dio Sebastian Perezek: «Bost emakume ari dira oraintxe gure gimnasioan eta oso harro gaude, gehiago izatea nahi genuke, baina bada zerbait. Gizarte matxista batean bizi gara, eta emakumea bere lekua aldarrikatzen ari da. Edozer egiteko eskubidea dute emakumeek, baita kirolean ere. Ziurrenik errazagoa dute beste kirol batzuetan boxeoan baino, baina emakumeek lehen urratsa egin dute boxeoan ere». Horietako asko indarkeria matxista jasan eta gero hurbildu direla boxeora gaineratu du prestatzaileak. Boxeoa gora egiten ari den zalantzarik ez dute biek, baina garai bateko tradizioa ez dagoela Errenterian dio Latigok, «garai batean bai izan zen boxeoaren inguruan mugimendu handia, Manu Maritxalar dugu horren adibide, gaur egun nazioarteko arbitroa da, eta munduko boxeo borrokaldiak ere arbitra ditzake; Sergio Rey antxotarra, Toni Ramos errenteriarra… boxeolari oso onak izan ditugu gurean». Nostalgiaz mintzo dira biak, baina Latigok behintzat badu esperantza garai haien antzekoak, eta hobeak bizitzeko, eta horren erakusle dira bere ibilbidea eta bere lorpenak. Boxeolari izateko zer behar den galdetuta, «umiltasuna» ezinbestekoa dela dio Latigok, «denaren gainetik umila izan behar duzu. Bada jendea, gauzak lortu eta ahazten duena nondik datorren, eta hori gaizki dago. Horrekin batera, konstantzia, gogo handia izatea, langilea izatea eta kirolarengatik sufritzen jakitea beharrezkoa da». Jatorria ahaztu gabe Sustraietara jo du Sebastian Perezek, «behin eta berriz errepikatu diot semeari jatorria ezin dela ahaztu, ezin duzu ahaztu nondik zatozen, inoiz itzuli behar baduzu ere. Ezin duzu zure jatorria utzi, jakin behar duzu zein den zure okina, esne saltzailea, butano saltzailea, auzoko jendea ezagutu behar duzu… Hori ezin da inoiz ahaztu handiena bazara ere. Zoritxarrez ezin ikusi handia dago gaur egungo gizartean, eta batzuk ahaztu egiten dute nondik datozen». Harago joan da Latigo eta errespetuaz, edo hobe esanda, errespetu faltaz mintzatu da gaztea: «Gazte jende askok gaur egun etxekoei errespetua galdua die, ez badituzu etxekoak errespetatzen, nola errespetatu kalekoak?». Pribilegiatua sentitzen da boxeolari errenteriarra. Edozein kiroletan bezala, boxeoan ere, puntakoa behar duzu horretaz bizitzeko eta garaipen zerrenda izan. Zerrenda osatzen ari da Latigo eta horretaz bizi daitekeela dio egun, «nire lana da, gustuko dut, hori luxua da, bizi ahal izatea gustuko dudanaz, zoragarria da».
Boxeoa gora egiten ari den arren, garai bateko tradiziorik ez da Errenterian Team Latigo Boxing Klubean 60 boxeolari ari dira, 55 gizon eta bost emakumeSufrimendua ere badu bideak. Egunero entrenatzen du errenteriarrak, «egunean behin hiru bat orduz txapelketetatik kanpo nagoenean, eta egunean bitan, sei orduz, txapelketa garaian». Teknikari garrantzi handia ematen diote, Sebastian Perezek azaldu du arrazoia: «Kolpea emateko moduaren arabera, indarraren %15 edo %20 gal daiteke. Azaldu behar da zergatik egiten diren gauzak eta hori Team Latigo gimnasioan oinarrizkoa dugu, boxeolariak jakin behar du zergatik agintzen diozun bi crochet eta zinta bat sartzea». Entrenamenduak gogorrak izanagatik ere, ez die beldurrik Latigok. Zailena, 16 urterekin, Espainiako selekzioan etxetik kanpo aritu zeneko garaia izan dela dio, «okerren eraman dudana etxetik, familiarengandik urruti egotea izan da». Janaria ere zailtasunen artean kokatu du, «ohitu naiz pisua jaitsi behar dudanean estutzera, baina izan ditut momentu zailak. Gaur egun beste modura ikusten dut, boxeatu nahi dut, boxeo borrokaldi batengatik bada, eta borrokaldi horrek atzean gerriko bat badu, berdin zait, gustura egiten dut». Gogorrena karbohidratoak eta ura kentzeko unea da Sebastian Perezen ustez, «azala da gorputza horren ostean, eta azken urrats hori ezinbestekoa da borrokaldira pisuan iristeko». Laguntza nahikorik ez MGZ Bilboko Promotora du atzean Latigok, eta Ray Sugar, Cafes Aitona, eta Eurovermon enpresak babesle. Errenteriako Udalaren laguntza ere jaso du, «gimnasiorako lokala utzi digu», baina horrez gain laguntza handirik ez dutela dio, «boxeoa ez dute aintzat hartzen, ez ditugu hain beharrezko ditugun aukerak. Foru aldundiak eta bestelako erakundeek ez dute laguntzen, eta pena da urtero antolatzen dugun gau emanaldia Donostian ez antolatzea». Borrokaldi bakoitzaren ostean indarrak berreskuratzen Iztieta auzoko Loren harategiak laguntzen dio Latigori, «txuletoi ederrak ematen dizkit aitaginarrebak». Khadim Tandiang, Carlos Araujo, eta Valentin Araujo Team Latigo Boxing Klub Errenteriako hiru boxeolariek borrokaldia izango dute gaur Anoetako belodromoan. Anoetako Boxeo Eskolak antolatu du, 19:00etan hasiko da, eta aita-semeek herritar guztiak deitu dituzte hurbildu eta gozatzera. Badakite mitoak apurtzeko modua hurbiletik, lehen eskutik erakustea dela, eta horretarako, boxeoaren aurpegi ezezagun hori erakusteko, parez pare zabalik dituzte Team Latigo Boxing Klub- eko ateak, «ongi etorriak izango dira hurbiltzen diren guztiak».