50 gazte lan munduan txertatzea helburu duen programa jarri du martxan Errenteriako Udalak, Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua eta Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera.
Gaur aurkeztu dute Errenterialan programa.
50 gazte lan munduan txertatzea helburu duen programa jarri du martxan Errenteriako Udalak, Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua eta Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera. Europako Gizarte Funtsak gazteen enplegua sustatzeko ematen dituen laguntzen barruan, enplegu eta prestakuntza programa integral bat garatu du udalak, Gazteen Plan Estrategikoan agertutako eskaera bati erantzuteaz gain, langabezia tasa altuenetarikoa duen pertsona kolektibo bati, gazteei hain zuzen ere, eskaintzeko.
Programaren hartzaileak 16 eta 30 urte arteko 50 gazte izango dira, eta 291.368 euroko aurrekontua izango du. Kopuru horren %91,89 Europako Gizarte Funtsak jarriko du udalari onartutako diru laguntza baten bidez. Prestakuntza espezifikoa lan munduak eskatzen dituen profiletara egokitu da, eta horretarako, Oarsoaldeko enpresen eskaera aztertu dute, ” lan munduan txertatzeko aukerak nabarmen areagotuko zaizkie programa honetan parte hartuko duten 50 gazte horiei”.
Lau ildo nagusi ditu programak: prestakuntza espezifikoa eskainiko zaie parte hartzen duten gazteei, eta horren harira, hiru ziurtagiri profesional eskainiko dituzte: Ekipo elektronikoen zainketa (680 ordu), Kudeaketa-aplikazioetako egiturazko lengoaien programazioa (700 ordu), eta Elektrodo estalizko eta Tig bidezko soldadura (680 ordu); formaziora bertaratzeagatik diru laguntzak aurreikusi dituzte, eta eguneko 9 euro ordainduko dizkiete ikasleei, baita enpresetan praktikak egin bitartean; zeharkako prestakuntza emango dute, gaitasun digitala, autoestimua, lan taldean aritzeko gaitasuna eta ingelesa areagotzeko, besteak beste; Tutorizazioa eta orientazioa izango dute parte hartzaileek.
Parte hartu ahal izateko baldintzak ere zehaztu ditu udalak. Izena eman dezakete 16 eta 30 urte arteko gazteek, eta inguruko herrietako gazteek izena ematea badute ere, lehentasuna izango dute Errenterian erroldatuta daudenek. Langabezian izan behar dute eta Lanbiden izena emanda behar dute,eta gutxienez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza titulua izan behar dute.
Maiatzetik abendura bitartean egingo dute programa eta izena emateko epea bihar zabalduko dute (hilaren 11n). Interesdunek,
posta elektronikora mezua bidali edo 943 51 02 00 telefono zenbakira deitu behar dute. Oarsoaldea Garapen Agentziak Errenterian duen bulegora ere joan daitezke astelehenetik ostiralera 08:30etik 14:00etara. Hilaren 30ean amaituko da izena emateko epea. Enplegu eta formazio plana aurrera ateratzeko 40 gaztek eman beharko dute izena gutxienez.