Denboraldi bereziki zaila suertatzen ari da arrosentzat.
Burua ezin altxa jarraitzen dute Donibane Eskubaloiko jokalariek. Sailkapeneko azkenak dira eta lau puntura dute beren aurretik dagoen taldea, Quiron Azkartza. Hala eta guztiz ere, arrosek ez dute etsi nahi, eta zaleei garaipen bat dedikatzeko asmoz zelairatzen dira jardunaldi bakoitzean. Aukera, baina, ez da oraingoz iritsi. Asteburuan galdu egin dute beste behin, oraingoan Corozanistas taldekoen kontra, 33-25.
Emaitza txarrei jokalarien lesioak gehitu zaizkie. Azken jardunaldietan oso jokalari gutxirekin moldatu behar izan dute arrosek, nahiz eta gazte taldetik jokalari bat lehen taldera batu den. Azken astean, esaterako, 11 jokalarirekin jokatu dute, Iñaki Gonzalezek mina hartu zuelako ukondoan partidaren bezperako entrenamenduan. Luze egon beharko du Gonzalezek jokatu gabe.
Epaileen lanarekin haserre
Hori guztia gutxi ez, eta Donibane Eskubaloia oso haserre dago azken partidan epaileek hartutako hainbat erabakirekin. Epaileen erabaki oker baten ondorioz, lehen zatian arrosek ia bi minutuz bi jokalari gutxiagorekin jokatu behar izan zutelako kexu agertu dira. Eta ez hori bakarrik. Salatu dutenez, partidaren bigarren erdian, epaileak aurkarien jokalari bat kaleratu zuen, baina jokalari okerra, zelaian propio utzita gerora partidan gol gehien sartu zituen jokalaria. Arrosen teknikoek aurretik kontatuengatik kexatzera joan zirenean entrenatzailea eta delegatua kaleratu zituen epaileak, arrosak desabantailan utzita markagailuan kontrarioengandik gertuen zeuden momentuan.
Bidegabeko erabakiek bultzatuta gogotsu eta grinaz aritu ziren jokalariak zelaian, eta abantaila lau puntura murriztea ere lortu zuten behin baino gehiagotan. Baina partidaren bukaera aldera, pilatutako nekea igarri eta porrot bereziki mingarria onartu besterik ez zuten izan.
Jokalariak eta golak: Jose Gonzalez (9), Haritz Perez (6), Ion Escribano (4), Jokin Batalla (4), Jon Gajate (1), Ibai Borges (1), Xabi Duarte, Aritz Frias, Xabi Mate, Asier Oiarbide eta Iñigo Yagüe.