Espainiako II Errepublikaren 87. urteurrena beteko da datorren larunbatean, hilaren 14an, eta Pikoketa Oarsoaldeko Errepublikazaleen elkarteak ekitaldia antolatu du
Pikoketak antolatutako aurreko ekitaldi bat.
Espainiako II Errepublikaren 87. urteurrena beteko da datorren larunbatean, hilaren 14an, eta Pikoketa Oarsoaldeko Errepublikazaleen elkarteak ekitaldia antolatu du horren harira. Herriko plazan izango da larunbatean bertan 13:30ean. Ikurrina eta errepublikako banderak igoko ditu mastan Maite Hernandez Martin Alabergako bizilagunak. 1934. urtean jaioa, errepublikaren sentimenduaren aldeko sinboloa dela Hernandez nabarmendu du Pikoketa Elkarteak: “Errenteriako auzo mugimenduko militante aktiboa da, zehazki, bere auzoan, Alabergan, eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan ere ari da”.
Larunbateko ekitaldia, joan den abenduan zendu zen
Antonio Prior kidea, eta martxoan zendu zen
Miren Mendarte gogoratzeko baliatuko du Pikoketak, “Maitek [Hernandez] Ikurrina eta errepublikaren bandera igotzea omenaldi txiki bat izango da Antonio eta Mirenentzat, baita beren konpromisoa eta adibidearekin errepublikaren kausa bizirik mantentzen duten herritar horientzat guztientzat ere”.
Larunbatean berriz ere errepublikaren balioen indarra aldarrikatuko duela san du Pikoketak, “errepublika berreskuratzea ez da nostalgia ekintza bat. Gizarte hobea, ustelkeriaz libre diren erakundeak izango dituena, jendeaz kezkatuko den estatu eredu bat pentsatzeko erreminta kutxa da errepublika. Demokratak garelako gara errepublikazaleak, eta errepublika etorkizunaz eta aldaketez hitz egiteko erreminta gisa ulertzen dugu”.
Aurten inoiz baino zentzu handiagoa duela “balore errepublikazaleez” hitz egitea gaineratu du Pikoketak: “Indarrean daude oraindik kontzeptu errepublikazaleak: guztiontzat etorkizun duina, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, hezkuntza publikoa, osasungintza publikoa, pentsio duinak, plurinazionalitatea eta herrien eskubideen errespetua, epaitegi independenteak, garapen iraunkorra, aurrerapenak, lan eskubideak eta sozialak, laikotasuna…”.
Balore horiekin guztiekin bat egiten duten herritarrak larunbateko ekitaldiarekin bat egitera deitu ditu Pikoketak.