Igandean, Gezala Auditoriumean, 'La zanja' antzezlana emango du Titzina Teatro konpainia katalanak. Kulturen arteko talka da lanaren oinarria.
‘La zanja’ lanaren pasarte bat. Argazkia: Gerardo Sanz.
Multinazional bateko goi kargu bat Peruko herri batera, mendialdekoa, iritsiko da. Urre meategi bat ustiatzea du helburu enpresa europarreko kideak, eta hango herritarrekin topo egiten du. Herri horretako alkateak, ez du begi onez ikusten europarraren asmoa, nahiz eta europarrak harekin adostasuna lortzeko asmoa duen: talka egiten dute. Ehunka urte aurrerago, espainiar jatorriko Francisco Pizarrok Inca zibilizazioko Atahualpa enperadorearekin izan zuen enkontruaren antzekoa izango da, ordutik gaur arte bi munduren, bi kontinenteren eta mundua ulertzeko bi eraren arteko talka eman delarik, maiz, hainbat ohitura eta izateko era fusionatu direlarik. Baina talka hori, garai eta era ezberdinetara, oso maiz eman da ehunka urtetan atzera, eta egun.
Hori da igandean, Lezoko Gezala Auditoriumean (20:00, zortzi euro)
Titzina Teatro konpainiak antzeztuko duen
La zanja antzezlanaren inspirazioa. Bi munduren, bi bizitzeko eraren, txokea islatu nahi izan dute antzezlanarekin, multinazionaleko goi karguaren bidaian eta Peruko herri bateko herritarren egunerokoan oinarrituta; herri hori aztoratu egingo du europarraren egoteak.
Titzinako bi aktorek, Diego Lorcak eta Pako Merinok egiten dute
La zanja. Lan dinamikoa da, bizia, bi aktoreek hainbat pertsonai lantzen dituzte oholtzaren gainean, eta eszenografia sotila baina ez sinplea izango dute inguruan.
Kataluniako konpainia prestigiodunaren ezaugarrietako bat hori baita, erraz transmititzea espazio-denbora aukera handirekin, baina ez era sinplean.
Antzezlana ez dute etxeko sofatik sortu Lorcak eta Merinok; aktore izateaz gain, lanaren gidoilari eta zuzendari ere izan dira. Hegoamerikan birak egindakoa da Titzina, eta horietan jaso dutena oinarri hartu dute sorkuntza egiteko, “guretzat historikoak, urrunekoak diren hainbat gertaera, oso presente dituzte han. Galderak sortu zitzaizkigun orduan: historiako zein zati da gurea? Zer dagokigu gizaki bezala hango historiatik?
La zanjan-n horri erantzun nahi diogu”, esan dio HITZAri Paco Merinok.
Titzinakoak hilabete pasatxo Perun izan ziren bizitzen, bertako meatzariekin, urrea ustiatzen ari ziren langileekin. Badakite zertaz ari diren. Eta
La zanja-n, oso maiz eman den egoera horri, konkistatzaile eta ustez konkistatuena, oholtza zati bat eman diote. “Pizarroren eta Atahualparen arteko topaketa, edo Miquel —horrela deitzen da Europako multinazionaleko langilearen pertsonaia— eta Peruko alkatearen artekoa elkar ondoan jartzen ditugu. Hori da antzerkiaren magia. Eta horrek ikusleak lanarekin konektatzera eramaten ditu”, adierazi du Merinok.
Beraz, igandean 20:00etan, bi kulturen arteko orekaz, desorekaz eta aldeez hitz egingo dute Titzina Teatrokoek Lezon. Aurki Errenteria-Oreretan izango direla iragarri dute.