Osasungintzan ezartzen ari diren murrizketak salatu dituzte, azken horiek, bereziki, lehen arretari eragiten diotela nabarmenduta
Murrizketak salatu dituzte Iztietako anbulatorioko langileek.
Itolarrian. Lehen arreta hala dagoela salatu dute gaur, Lehen Arretaren Egunean, Iztieta anbulatorioko sendagile, erizain eta administrazio langileek, Lehen Arreta Arnasberritzen foroak deituta. Osasungintzan ezartzen ari diren murrizketak salatu dituzte, azken horiek, bereziki, lehen arretari eragiten diotela nabarmenduta, baita osasungintzan ari diren langileek egunerokoan beren jardunean dituzten oztopoak ere: “Denbora urria dugu pazienteak artatzeko, eta honek arrisku estrukturala suposatzen du pazienteentzat medikalizazio eta interbentzionismo ez eraginkorrerako arriskua areagotzen du”.
Burokrazia “gehiegizkoa” dela esan dute bestalde, “lehen arreta ospitalearen sukurtsal bihurtu dute”. Ordezkoen eta autonomia faltaz ere mintzatu dira. Arazo hori, opor garaian nabarmenagoa dela diote, eta medikuentzat gainkarga are handiagoa suposatzen duela”. Kontrataziorako egungo eredua salatu dute, bestalde, “lehen arretan kontraturik ezegonkorrenak egiten dituzte, hilabete bat eta bost hilabete artekoak. Anbulatorio ezberdinetan izan daiteke kontsulta, eta askotan ez dugu jakiten zein lan ordutegia dugun hasiko garen egunera arte”.
Salaketarekin batera, aldarrikapenak ere izan du tartea gaur eguerdian egin duten elkarretaratzean, eta lehen arretari duen garrantzia aitortzea “ezinbestekoa” dela aldarrikatu dute, “osasungintza sistemaren ardatza da, osasun publikoaren oinarrietako bat”. Zerbitzu horren erabilera urtetik urtera hazten ari dela gaineratu dute bildutakoek, “gizarteak erronka berriak ditu eta lehen arreta ahultzen jarraitzen badute ezinezkoa da horiei erantzutea. Populazioa zahartzen ari da, gaixo kronikoak daude, etxeko arreta behar dutenak, zaintza aringarriak behar dituztenak… Osasungintza arreta eraginkorrak ezinbestekoa du lehen arreta sare indartsu eta ausarta. Hurbila, jarraikortasuna duena, integrala eta koordinatua izan behar du gainera, horretarako beharrezkoak dituen osasungintza bitarteko zein sozial guztiekin”.