Etiopia Utopia Fundazioaren aldeko kontzertu solidarioa emango du Easo abesbatzak igandean, Niessen elkartearen ekimenez.
Etiopia Utopiaren aldeko kontzertu solidarioa egingo du Easo Abesbatzak.
Easo abesbatzaren doinuek hartuko dute Madalenaren basilika igandean (hilak15) 12:30ean. Solidarioa izango da emanaldia, eta kontzertua doakoa izango bada ere, bertaratzen direnek ekarpena egin dezaten poltsak pasako dituzte amaieran. Diru hori guztia,
Etiopia Utopia fundazioak jasoko du Niessen elkartearen iniziatibaz.
Gaur aurkeztu dute kontzertua Niessen elkartean Alberto Mendigutxia Niessengo kideak, Imanol Apalategi Etiopia Utopia fundazioko presidente eta sendagileak, Garazi Montuschy fundazioko proiektuen arduradunak, eta Andoni Agirregomezkorta aktoreak. Azken horrek aurkezle lana egingo du emanaldian.
Fundazioaz hitz egin du Apalategik: “Irabazi asmorik gabeko erakundea da Etiopia Utopia fundazioa, eta helburua Tigray eskualdeko, eta hedaduraz Etiopiak, babesgabeenen bizi baldintzak hobetzea”. Horretarako ezinbestekotzat jo du gizartea sentsibilizatzea, “han dituzten arazoak gure jardueraren ondorio direlako”, baita garapen iraunkorreko proiektuak beharrezkoak zorroztasuna eta ezagutzarekin kudeatzea, «betiere Angel Olaranen lana erreferentzia gisa hartuta”.
Ura, osasuna, hezkuntza
Aste honetan bertan itzuli da Apalategi Tigray eskualdetik. Lurralde pobrea dela esan du, behar handiak dituena, eta fundazioa ura, osasuna, gizarte laguntzan, eta hezkuntza arlotan ari da lanean bertan. Horrekin batera, sentsibilizazioa lantzen du eta horretarako ekitaldiak antolatzen dituzte. Dirua behar dute proiektuak garatu ahal izateko, baita boluntarioak ere, “Tigray eskualdean aritzeko baino, Euskal Herrian lanean jarduteko, bertatik eragiteko”.
Duela bederatzi urte abiatu zuten Etiopia utopia fundazioaren ibilbidea eta egun 129 lagun ari dira lantaldean. Beren lanaren onura berriz, 50.000 lagunek jasotzen dute. Uraren arloa garrantzitsua da, eta egiten ari diren lanketaren bidez, Tigray eskualdeko biztanleen elikadura burujabetza bermatu nahi du fundazioak. Kanaberak, ureztapena eta kanalizazioak, putzuak berriro zabaltzen, uraren tratamendua egiten eta urtegiak lantzen ari dira hori lortzeko.
Osasungintza arloari dagokionean, Apalategik azaldu du Donostia ospitaleak eta Etiopian erreferentzia den Ayder ospitaleak hitzarmena sinatu dutela, “osasun langileen etengabeko prestakuntzan laguntzen ari gara fundaziotik, ospitaleko kudeaketa hobetzeko neurriak hartzen eta gizartearen osasun kontzientzia sustatzen”. Irribarreak proiektua ere martxan du Etipioa Utopiak, Wukroko erkidegoko osasun odontologikoa hobetzeko. Horiek proiektuetako batzuk baino ez dira.
Arazoaren oinarrian berriz, baloreen gainbehera kokatu du Apalategik, “gizarte honetan dirua dago denaren gainetik, eta hori ez da posible. Oinarrizkoa dugu babes soziala, eta ezin ditugu begiak itxi, etorkizuna gizartearen esku dagoelako”.
Guztiek kontzertura deitu dute. Igandekoa alea jartzeko modu bat izango da.