Gipuzkoako Foru aldundiaren Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuek antolatutako programak, sareen erabilera kritiko eta kontzientea sustatzea du helburu.
Ostolaza eta Itxaso gaurko agerraldian.
Errenterian gaur abiatu dute Kultura Digitalaren Astea. Gipuzkoako Foru aldundiaren Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuek antolatutako programak, sareen erabilera kritiko eta kontzientea sustatzea du helburu. Programaren ikur den autobus gorria Foru plazan kokatu dute, eta bertan aurkeztu dute astea Denis Itxaso Gazteria diputatuak eta Itziar Ostolaza Errenteriako Udaleko Gazteria zinegotziak.
Kultura digitalak ematen dituen aukeren jakitun direla esan du Itxasok, “gazteei beraien artean harremanetan jartzeko, kontsumitzeko, ikasteko, ikusteko aukera ematen die, baina mehatxuak ere baditu. Horien aurrean, garrantzitsua da sareetan mugitzen jakitea eta egon daitezkeen arriskuen gaineko ezagutza izatea”. Arriskuei erreparatu die diputatuak, eta nabarmendu mundu digitalak eta internetek gauzak biderkatzeko gaitasuna dutela, “onerako denean ez da ezer gertatzen, baina txarrerako denean arazo bat dugu. Bullyingak badu bere bertsioa digitalean, ziberjazarpena. Arriskuak daude eta erakundeak kezkatu eta horrelako gaitz sozialei aurre egiteko tresna eta baliabide eraginkorrenak jarri behar ditugu martxan, neurriak hartu haiek deusezteko. Programa honetan, zehazki, bada ziberjazarpena lantzeko tailerra”.
Heziketa digital egokia jasotzea garrantzitsua da haur, nerabe eta gazteentzat, baina baita guraso eta hezitzaileentzat ere, “gurasoak ohartu behar dira beren haurrak aterik ez daukan mundu batean murgiltzen ari direla, arriskuak ere badirela, eta beraiek ere arrisku horien jakitun izatea egokiena dela, baita hezitzaileak ere”.
Helburua beraz, nabigatzen ikastea da, beharrezko tresnak eskaintzea kultura digitala zabaltzeko, eta hori berme eta segurtasunez egitea, “horretarako ezinbestekoa da internetek ematen dituen aukerak eta arriskuak ezagutzea.
Haur, nerabe eta gazteen egunerokotasunean presente
Ostolazak, Errenteria-Oreretako gazte ugarik agerian utzi dutela kultura digitalak beraientzat duen garrantzia esan du, “joan den urtean gazte plan garrantzitsua egin zuen udalak ikasturte osoan zehar, eta bertan agerian gelditu zen kultura digitalak, haur, nerabe eta gazteen egunerokotasunean leku garrantzitsua duela”. Garrantzitsua dela, beraz, tresna horietan trebatzeko bideak irekitzea gaineratu du, “plataforma honek erabilerari begira hezkuntza egoki bat jasotzeko aukera eskaintzen du”.
Herri hezitzailearen ideiari erreparatu dio, bestalde, Ostolazak, eta Errenteriako Udalarentzat oinarrietako bat dela azaldu du, “hainbat iniziatiba dugu abian horren gainean, eta guk herri hezitzailea ez dugu ulertzen lau pareten artean kokatutako proiektu bezala, ez da soilik eskolan, ludotekan edo etxean ematen dena, herriak ere eskaini behar ditu plataformak hezitzailea izan dadin”. Horregatik kokatu duela udalak Kultura Digitalaren Astearen ikur den autobusa Foru plazan azaldu du, “jolas parke bat aukeratu dugu, eremu naturalean, haur eta familientzat hezi gunea den eremu batera ekarri dugu plataforma hori, gehigarri bat izan dadin, eta hezkuntza bide horretan ekarpen bat egin dezan”.
Kultura Digitalaren Astean sorkuntzak ere izango du tartea. Sorkuntza ere garrantzitsua dela udalarentzat esan du zinegotziak, “programak heziketaren erdigunean kokatzen du sorkuntza, haur, nerabe eta gazteek bide bat eman diezaioten egiten duten trebakuntza horri. Ideia horrek bete betean egiten du bat Errenteriaren ADNaren sorkuntza ikuspegiarekin: Hezkuntza sortzailetik eraiki dezagun orainean garrantzitsua de, eta etorkizunean agente inportante izango diren haur, nerabe eta gazte horien hezkuntza”.
8 eta 16 urte arteko haur eta gazteei begirakoa da programa. Ikasgela ibiltarian programazio tailerrak eskainiko ditu, baita haur, nerabe, gazte, guraso eta arloko profesionalei zuzendutako hitzaldiak ere, tartean ziberjazarpena eta erotika 2.0.
Tailer eta ikuskizunekin osatuko dute astea gaurtik hasi eta datorren asteazkenera arte. Autobusa Gipuzkoako bost herrietan izango da guztira. Dagoeneko Eibar, Tolosa eta Ordizian izan da, eta Errenterian amaituta, Arrasatera abiatuko da.