23-22 irabazi dio Deustuko Unibertsitateko Loiola taldeari denboraldiko azken partidan.
Kategoria galduta, Lurraldeko Txapelketan jokatu beharko dute arrosek datorren urtean.
Beranduegi iritsi da, baina behintzat denboraldia zapore gozoarekin agurtzeko balio izan du. Donibane Eskubaloiak ligako azken partidan lortu du garaipena Deustuko Unibertsitateko Loiola taldearen kontra 23-22 irabazita. Garaipena zaleei dedikatu diete arrosek.
Ekaitz Tenteren aginduetara jokatu zuten sanjuandarrek larunbatean, aurreko partidan Jesus Pino eta Jesus Marcos zigortu zituztelako. Lehen minututik hartu zuten partidaren gidaritza etxekoak eta kontrarioak baino hobeto jokatu zuten, nahiz eta arrosek azkeneraino borrokatu behar izan zuten irabazteko.
Partida bukatzeko sei minuturen faltan sei golen aldea zuen aldeko Donibane Eskubaloiak. Estutasunak, ordea, partidaren azken zatian hasi ziren, epaileek bi jokalari sanjuandar kaleratzearekin bat. Aurkariek ondo aprobetxatu zuten abantaila eta neurketa bukatzeko minutu bat falta zenean berdinketa lortu zuten. Ondoren lortu zuten azken gola arrosek, eta 10 segundoren faltan Cristian Cobeña atezainak egindako geldialdiari eskerrak abantailari eustea lortu zuten.
Euskal Ligari agur
Gaizki joan dira gauzak azken denboraldian Donibane Eskubaloiarentzat eta honenbestez bukatutzat eman dute arrosek Euskal Ligan osatu duten bi urteko zikloa.
Edonola ere, taldea lanean hasia da jada datorren denboraldia prestatzeko eta ahalik eta azkarren Euskal Ligara itzultzeko.
Jokalariak eta golak: Jon Gajate (6), Ion Escribano (5), Haritz Perez (3), Aritz Frias (3), Ibai Borges (3), Jokin Batalla (2), Jose Gonzalez (1), Xabi Duarte, Iñigo Yagüe, Asier Oiarbide eta Cristian Cobeña.