Zuzendaritza berriaren lehen neurria zehaztu du Yeregik: "Gaur lehen taldeko jokalariekin bilduko gara babesa adierazi eta animoak emateko".
Asier Yerobi (ezkerretik bigarrena) da Touring Kirol Elkarteko lehendakari berria.
Asier Yerobi da gaurtik Touring Kirol Elkartearen Presidentea. Pozik hartu du kargua, eta lanerako gogo handiarekin, “kluba lehengoratzeko eta bizi duen gainbeheratik ateratzeko”.
Atzo egin zuten Touringeko bazkideek ezohiko batzarra Touring Berria plataformaren zentsura mozioa aztertzeko, eta bazkideek erabaki dute gehiengo zabalaz Touring Berria plataforma eta bere proiektua babestea.
Batzarretik “sentsazio ezin hobeekin” irten zela atzo esan du Yerobik, “irabaztea espero genuen, zentsura mozioak aurrera egingo zuela, ez hainbesteko babesa jasotzea, ordea. Uste genuen aurreko zuzendaritzak bozka gehiago jasoko zituela. Emaitza oso argia izan zen”.
Touring Berria Plataformako zuzendaritza taldea elkarte barrutik hasi da lanean jada, “martxan gara gaurtik”, zehaztu du lehendakariak, eta lehen urratsa zein izango duten ere jakinarazi du: “Lehen taldeko jokalariekin bilduko gara gaur bertan, 20:00etan”. Talde horrek maila jaitsiko du denboraldi amaieran, Erregional Ohorezko Mailatik, Lehenengo Erregionalera jaitsiko da, eta plataformak jokalariak animatu, babesa erakutsi eta egindako lana eskertu nahi diela zehaztu du Yerobik, “Oso gazteak dira eta denboraldirik okerrena egitea tokatu zaie, babesa erakutsi nahi diegu eta eskerrak eman. Horrekin batera, animatu ere egin nahi ditugu, denboraldia amaitzeko falta diren partidetan ahalik eta ondoen egin dezaten”.
Futbol Eskolako Gurasoen Batzarrak babes erakutsi zion Touring Berria Plataformari astelehenean egindako agerraldian, eta horretaz ere mintzatu da lehendakaria, “bultzada izan da plataformarentzat eta gure proiektuarentzat. Azken asteetan zurrumurru asko izan dira aurreko zuzendaritza taldeak babes handia biltzen ari zela ziotenak, eta tentsioa handia izan da. Atzoko eguna iritsi eta emaitza ikusi nahi genuen guk. Bidean jasotako babesak asko animatu gaitu, artean futbol eskolako gurasoenak”. Kalean asko izan direla gelditu eta Touringen egoera aldatzeko zerbait egin behar zela esan dietenak erantsi du, “ezin zuela berdin jarraitu taldeak esan digu jende askok, eta alde horretatik espero genuen gure proposamenak aurrera egitea, baina azkenera arte ez dakizu zer gertatuko den”.
Ilusioa sortzea izan dutela helburu dio Yerobik, “eta atzoko batzarrean hori nabaritu genuen, sumatu dugu gai izan garela ilusioa sortzeko jendearen artean. 107 bazkide azaldu ziren batzarrera atzo, eta horrek jendea kezkatuta dagoela erakusten du. 230 bazkide ditu Touringek, eta horietatik 150 dira bozkatzeko eskubidea dutenak (gainontzekoak adin txikikoak dira) herriko historiko asko, Touringekin harremana izan dutenak ere aldaketaren alde egin zuten atzo”.
Momentuz ilusioa sortzea lortu dute. Aurrerantzean ez dute erronka makala Yerobik eta berekin batera zuzendaritza taldea osatzen duten Iñaki Oyarbide Arizmendi lehendakari ordea; Joseba Etxeberria Gerendiain, diruzaina; eta Juan Carlos Arbelaitz Villaquiran, Andoni Ayestaran Razquin, Juan Manuel Alvarez Martin, Francisco Javier Guemes Hilera, eta Santi Viejo Fernandez, bokalak, baina lanerako prest daudela berretsi dute, “Touringaren kamiseta janztea ohorea izan dadin gure herriko haur eta gazteentzat”.