Herrigintzan egindako lanari esker da ezaguna Jon Legorburu Arrastua lezoarra. Labore Oarso Kontsumo Kooperatibaren sustatzaileetako bat ere izan da; saltsa askotako perrexila da.
Lezon jaio zen, Lezon bizi da eta Lezon lan egiten du Jon Legorburu Arrastuak (1968). Lehen sektorearen egoerarekin kezkatuta, elikadura burujabetzaren esparruan ari da lanean azken boladan, eta Labore Oarso kontsumo kooperatibaren sustatzaile nagusietakoa izan da. Baina, ekintzaile nekaezina izanik, esparru askotan da ezaguna; zinegotzi izan zen EAE-ANVrekin; Brinko pailazoa izan da urtetan, Korri, Xalto eta Brinko taldean; eta Lezoko kultur mugimenduko erreferente garrantzitsua ere bada.
Zergatik erabaki zenuen Labore Oarso kontsumo kooperatibaren egitasmoa bultzatzea?
Hainbat herritarri gonbidapena iritsi zitzaigun elikadura burujabetzaren eta lehenengo sektorearen inguruan sortu nahi zuten proiektu batean parte hartzeko. Duela bi urte, gutxi gorabehera, bilera bat egin genuen Lezon, euskaltegian, eta hamabost bat herritar azaldu ginen han. Pasaian, Oiartzunen eta Errenterian ere bilerak egin zituzten, eta lau herrietan talde txikiak antolatu genituen herri bakoitzeko ordezkari gisa. Lezotik ni joan nintzen ordezkari moduan, eta hala sartu nintzen mugimenduan.
Lehen sektorearen egoera zein zen azaldu ziguten lehen bilera hartan. Gaiari bueltaka hasi, eta, hemengo baserrien egoerarekin kezkatuta, zerbait egin zitekeela ikusi nuen eurek zer lortu nahi zuten azaldu zigutenean. Errealitateak bultzatu ninduen pausoa ematera. Elikaduraren esparruan zerbait egin zitekeela konturatu nintzen. Bideragarria zela ikusi nuen hasieratik, Oiartzualdean 65.000 lagun bizi garelako, azpiegitura handiez inguratuta. Hasieran handikeria leporatu zigun hainbatek mila bazkide lortu nahi genituela esaten genuenean, baina hor daude emaitzak.
Oso ona izaten ari da proiektuaren bilakaera, ezta?
Oso ona da balorazioa. Urtebete egin dugu. 150 bazkiderekin hasi ginen Labore Oarson, eta 650 gara gaur egun. 70 ekoizletik gora kudeatzen ditugu, eta, oraingoz, jardunaldi osoko bi lanaldi ematen ari da kooperatiba. Gainera, oso pozik daude gurekin lan egiten duten inguruko baserritarrak, eta salmentetan igarri dutela diote. Orokorrean, oso-oso positiboa da balorazioa. Ez genuen espero horren denbora gutxian gauden lekuan egoterik. Honaino iristeko denbora gehiago beharko genuela uste genuen, baina goraka doa Labore Oarso, eta gainditu egin ditugu gure aurreikuspenak.
Berritzailea da Laboreren eredua, eta inguruan hedatzen ari da pixkanaka. Zure ustez, kontsumo kooperatiben eredu hori zergatik ari da arrakasta izaten?
Gu Iruñeko Landarera joan ginen hura zer zen ikustera, eta jendea gurera etortzen da orain, Oiartzualdean Labore sortu dugunean. Bilbotik eta Igeldotik etorri ziren, Ereñotzun eta Usurbilen ere badira mugimenduak… 1.200 produkturekin eta herriko jendeak kudeatuta denda fisikoki ikusten dutenean, herritarrak konturatzen dira proiektua egingarria dela, eta animatu egiten dira antzeko zerbait gauzatzera.
Etorkizunerako baikor zaude beraz, ezta?
Laborek etorkizun oparoa izan dezakeela uste dut, momentu honetan haur txikiak dituzten guraso gazteak direlako gure bazkide gehienak. Jendeak elikadurari garrantzia ematen diola esan nahi du horrek, eta haurrentzat elikadura ona nahi duela. Baikor nago alde horretatik.
Gai baikorretik mikatzagoetara jauzia eginda, lezoarra zara zu, hondakinen gaiak bereziki astindu duen herri batekoa. Lehengo astean zure herrikide eta alderdikide Ainhoa Intxaurrandieta epaitu zuten Madrilen, errauste plantaren lanak eteteagatik. Zer iritzi daukazu?
Ainhoa [Intxaurrandieta] eta Iñaki [Errazkin] bakar antzean utzi ditugula uste dut. Hori da nire iritzia. Iruditzen zait eurek hartu dutela kargarik handiena, eta ezker abertzalearen barrutik ere babes handiagoa izango zutela uste nuen. Egonezina sortzen dit Ainhoa eta Iñakiren egoerak; tristea iruditzen zait. Asko baloratzen dut egin duten lana, baina babes handiagoa merezi dutela iruditzen zait. Pena ematen dit egungo egoerak.
Nola uste duzu bukatuko dela auzia?
Gaizki. Ekonomikoki zigortuko dituzte, ezin dietelako jarri bestelako zigorrik. Izugarrizko dirutza eskatuko diete, nahiz eta, agian, ez izan 41 milioi euro horiek; dirutza handiaz ari gara hizketan. Ez dakit zer, baina, kasu honetan, denon artean egin beharko dugu zerbait.
Atez ateko bilketa sistema indarrean zegoen garaian, Lezo Zero Zabor taldeko kide izan zinen zu zeu, eta dezenteko ika-mikak izan zenituzten Lezo Garbia plataformarekin. Gaur-gaurkoz, zein balorazio egiten duzu ordukoa gogora ekarrita?
Sistema aldatu aurretik galdeketa egin behar zela uste dut, baina lezoarrok ez genuela gehiegi lagundu, hori ere hala dela uste dut. Zaila zen gaia, ika-mika handia sortu zen herrian, eta udala nahiko bakarrik geratu zela iruditzen zait. Zazpi edo zortzi lagun ibiltzen ginen Lezo Zero Zabor taldean, eta gaia nahiko ahul landu genuela uste dut. Udalak bazuen ahalmena sistema indarrean jartzeko, eta jarri zuen, baina herriak ez zuen bultzatu behar zen adina.
Zinegotzi ere izan zinen, EAE-ANVren garaian. Gustuko duzu udal jarduna?
Bai. Egia esan, oso gustura ibili nintzen, bai Kultura zinegotzi aritu nintzenean, eta baita gerora ere, Lan, Zerbitzu eta Hirigintza arloetan jardun nuenean. Gogoan dut 45 haurrekin bilera bat egin nuela eta gerora eskatu zidaten skate parkea egiteko. Zortzi edo hamar urte pasatu dira ordutik, eta gaur egun asko pozten nau skate parkea asko erabiltzen dela ikusteak. Gauza bera gertatzen zait Karlos Saldise plazako estalpearekin. Lezok behar zuen aterpe hori, guk jarri genuen, eta asko erabiltzen da gaur egun. Ordutik, Lezon, ekitaldiak ez dira gelditzen bertan behera eguraldiagatik.
Udaletxeko saltsa gustatu egin zitzaidan niri, nahiz eta momentu onak eta txarrak bizi izan genituen. Baina, orokorrean, bai, orokorrean gustuko dut udaleko jarduna.
Zein irakurketa egiten duzu egungo egoera politikoaz?
Kezka handiz bizi dut Katalunian gertatu den guztia edo hemen Altsasuko gazteekin gertatzen ari dena. Garai ilun batera itzultzen ari garela uste dut, eta asko kezkatzen nau horrek, mugatzen ari delako edozer gauza aldarrikatzeko dugun askatasuna. Kezkatu egiten nau Amaia Agirregabiria, Pasaiako alkate izandakoa, kartzelan egoteak, edo, politikoki sigla batzuk defendatzen aritzeagatik, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin kartzelara joan daitezkeela ikusteak. Ez da euren erabaki pertsonala, baina eurak zigortu nahi dituzte. Asko kezkatzen naute orain sortzen ari den politika berri honen moduek.
Zorionez, dena ez da izan hain serioa zure bizipenetan. Pailazo izan zara urtetan, Korri, Xalto eta Brinko taldean, Brinkoren rolean.
Hamabost urtez aritu nintzen jardun horretan. 1999an sortu nuen taldea, Mikel Susperregirekin batera,Trapujale, Zabarre eta Lezoko beste hainbat pertsonaia haurren munduan eta ipuingintzan zabaltzeko asmoz. Udalean sartu nintzenean utzi nuen pailazo jarduna, nahiz eta oraindik, gauza bereziren bat dagoenean, Markelen Irria festa edo antzekoren bat, plazara aterako naizen, agian; baina une jakin bateko erabaki gisa, betiere.
Zer maite duzu gehien pailazo jardun horretatik?
Irribarrea, eta haurrak ahozabalik ikustea. Ekitaldia bukatu eta haur batzuekin sortzen den harreman hori; batzuei muxuak eman, beste batzuei sinadurak… Baina, batez ere, zerbait egitera ateratzen duzunean haurrak jartzen duen aurpegi hori. Dena ematen du haurrak.
Gogotik lan egindakoa zara Lezoko inauterien bueltan ere.
32 urte dituzte Lezoko inauteriek. Ekaitza atseden taldeak parrokian zuen aisialdi talde batetik sortu zen ideia, kultur batzorde batean, herriko hainbat elkartek bultzatuta. Ekaitz aisialdi taldean begirale ginenean hasi ginen gu gaia lantzen. Hasieran, guk antolatzen genituen inauteriak, eta, gerora, begirale gazteagoen esku gelditu zen antolakuntza, duela hamabi bat urte hutsunea sortu zen arte. Orduan sortu genuen Trapujale taldea, Ekaitzen begirale lanetan aritu ginen batzuek. Talde sendo bat sortzea erabaki genuen, eta ordutik, urtero-urtero, bospasei lagun aritzen gara inauteriak antolatzen, gogotsu eta gauza berriak eginez.
Zergatik hartu zenuten Trapujale izena? Nondik dator izena?
Osaba bat banuen nik, eta hark Trapujale deitzen zidan txiki-txikitatik. Pertsonaia osatzeko lanean hasi ginenean, aitona-amonengana jo nuen osabak Trapujale zergatik deitzen zidan galdetzera. Ingurukoek lezoarrei jarritako ezizen bat dela kontatu zidaten orduan. Hitz polita zela iruditu zitzaigun, eta haren bueltan sortu genuen inauterietako antolaketa guztia.
Hala ere, urteetan sortu den zerbait da Trapujale inauteria; komeni da hori nabarmentzea. Lander Zurutuzak komiki bat egin zuen Mikel Susperregirekin batera, dantza taldekoek Zirikuak sortu zituzten… Denon artean sortutako inauteria da Lezokoa, herri inauteria, eta hori da gauzarik politena; hain zuzen ere, horregatik funtzionatzen du hain ondo. Lezon guztiz errotu dira inauterietako osteguna eta asteartea. Trapujale taldean oso pozik gaude festek izan duten bilakaerarekin.
Euskaltzalea zaren neurrian, zure ustez zeintzuk dira, gaur egun, euskararen normalizazioaren bidean urratsik premiazkoenak?
Alde horretatik, nahiko kezkatuta nago Lezon ikusten dudan errealitatearekin, baina joera orokorra dela uste dut. Parkean-eta asko jaitsi da euskararen erabilera. Kanpotarrak etorri dira Lezora bizitzera, eta herria eta, batez ere, haurren mundua dezente erdaldundu dira. Herriko eskolak eta ikastolak arlo horretan serio lan egin beharko luketela uste dut. Errealitate horri garrantzia eman behar diogu denok. Atzera egin dugula iruditzen zait. Haurrek badakite euskaraz, baina kaleko erabileran badaukagu nahikoa lan, asko jaitsi delako orokorrean, bai Lezon eta baita inguruko herrietan ere.
Euskaraldiaren urtea izango da aurten. Zer moduzkoa iruditzen zaizu plazaratutako erronka?
Eskualdean euskararen aldeko jairen bat egin beharra dagoela uste dut, euskarari garrantzia emateko eta arlo hori landuz joateko. Badakit hainbat kanpaina gauzatzen dituztela Oiartzualdean, baina iruditzen zait ez dela nahikoa. Euskararen jaialdi erraldoi bat egin beharko litzateke, eta haurrei eta gurasoei begirako zerbait antolatuko nuke nik. AEKren eta teknikarien esku uzten dugu euskara, baina hori ez da nahikoa.