Oskarbi taldearen ibilbidea jasotzen duen ‘Doinu zaharren haritik, euskal kantu berriaren bidean (Oskarbi taldea 1966-2017)’ liburua aurkeztu dute Oiartzunen. Musikak ere izan du tartea.
Liburua aurkeztu ondoren kantalditxo bat eskaini zuten.
Zerua, oskarbi. Liburu bat. Bi aldagai horiek nahastuta, emaitza Oskarbi musika taldearen ibilbidea jasotzen duen liburuaren aurkezpena da. Pasa den asteazken arratsean egin zuten, Oiartzungo Manuel Lekuona bibliotekan. Herriz herri egin nahi duten aurkezpen ekitaldietako lehenengoa izan zen. Giro intimoa, ia familiakoa, sumatu zen.
Doinu zaharren haritik, euskal kantu berriaren bidean (Oskarbi taldea 1966-2017) liburua taldeko sortzaile eta kide den Jose Luis Trekuk idatzi du, gainontzeko kideen ekarpenekin. Berak gidatu zuen aurkezpena, eta lehenik eta behin hamar minutuko iraupena zuen bideo bat eskaini zuten. Taldearen argazki zaharrak eta berriak uztartzen ziren bertan eta soinu banda, nola ez, Oskarbiren abestiek jarri zioten. Ondoren, mahaiaren bueltan jarri ziren Treku bera, baita Iñaki Maritxalar eta Carlos Ruiz taldekideak ere. Treku bera izan zen hitza hartzen lehenengoa. Argi utzi nahi izan zuen liburuaren aurkezpena elkartzeko aitzakia bat besterik ez zela.
Liburuaren 412 orrialdeetan jasotzen denari errepaso labur bat eman zion. Horrela, Oskarbi taldearen zutabeak hiru izan direla baietsi zuen. Alde batetik, herri kantak hartu eta eurenganatzea. Bestetik, entseguak egitea eta abestiekin probak egitea. Hirugarren zutabea hizkuntza izan zen: euskaraz abesteko hautua egin zuten, eta bere horretan jarraitzen dute gaur egun.
Liburua egiteko datuak jasotzen hasi zen Treku. Taldeko kideei «interrogatorioak» egiteaz gain, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian ordu asko pasa ditu. «Hasieran joko bat bezala hartu nuen, baina gero konturatu nintzen zein dimentsio izan zuen Oskarbik… 600tik gora kantaldi eman ditugu, eta 11 disko propio grabatu ditugu», esan zuen. Garaiko prentsan agertutako albisteak pilatzen joan zen; bere pentsamenduak eta taldeari buruz kontatzen zutena kontrastatzeko aukera izan zuen.
1966an sortu zen musika taldea, Errenteria-Oreretako Don Bosco ikastetxean. Garai horretan izandako loraldiaren beste ale bat izan zen: Ez Dok Amairu, Argia dantza taldea, Jarrai antzerki taldea, Donostiako Kresala bera ere bai… Oskarbiren ibilbidea bi ziklotan banatzen du. Alde batetik, biniloarena, sorreratik 1983ra arte. Orduan publikoan abesteari utzi zioten. Bestalde, CDaren garaia, 1990etik hasi eta gaur egun arte —«nahiz eta gaur egun ia diskorik ez dagoen», onartu zuen Trekuk—. Bigarren aroan kantaldi gutxiago eskaintzen dituzte, lehenengo aroko 60-70 kontzertuekin alderatuta. «Lehen jendea gugana etortzen zen, kantaldi eske. Orain, guk joan behar dugu jendearengana», ziurtatu du.
Ez Dok Amairurekin egindako ibilbidea ere izan zuen hizpide. Oiartzuar batek —Xabier Letek, Lurdes Iriondorekin batera— fitxatu zituen talderako, eta hainbat urtez ibili ziren elkarrekin, kolektiboa desegin baino urtebete lehenagora arte. Arrazoiak artistiko edo ideologikoak baino, teknikoak izan ziren. Oskarbin zazpi kide ziren, eta gainontzekoak, gehienak behintzat, bakarlari moduan aritzen ziren.
Taldea, ‘euskaltegia’
Jarraian, Iñaki Maritxalarrek hartu zuen hitza. Don Boscoko eskolanian hasi zen bera ere, eta ahotsa instrumentu bezala erabiltzea gustuko zuela konturatu zen. Euskaraz kantatu nahi zuten, baina salesiarren artean tirabirak egon ziren eta abesbatza pikutara joan zela gogorarazi du. Orduan sortu zuten Oskarbi, Anunciata ikastetxean ibiltzen ziren neskekin batera, eta euskararekin lehen kontaktua izan zuen horrela. «Deskubrimendua izan zen», baieztatu zuen. Euskaraz abestu arren, hitz gutxi zekizkien. Bitxikeria bat kontatu zuen horren harira: «Kantaldiak bukatzen genituenean, jende asko hurbiltzen zitzaidan, euskaraz hitz egiten. Ni, ordu laurden batez edo, ‘bai, bai, bai, bai’-ka egoten nintzen».
Oskarbi Maritxalarren eskola izan zen, eta denborarekin, ofizio bilakatu zuen musika —kontserbatorioetan gitarra eskolak eman zituen—. 1984an, GAL Hendaian bahitzen saiatu zen eta taldea utzi behar izan zuen. Ondoren, Erramun Martikorena eta Pantxoa eta Peiorekin, besteak beste, aritu zen oholtzaz oholtza. Gero taldera bueltatu zen, Ipar Euskal Herrian bizitzako giro latzak pixka bat lasaitzean.
Carlos Ruiz Gonzalez izan zen hirugarren hizlaria. Hizlarien genero oreka ezagatik desenkusatu zen—«gu gara berritsuenak»—, eta Oskarbi taldean nola hasi zen azaldu zuen: «Akordeoia jotzen nuenez, abesti batean kolaboratzea eskatu zidaten. Abesti baterako zena azkenean 42 urte bihurtu ziren». Soldaduska egitera joan aurretik, taldeak askatasuna eman zion, eta Maritxalarri bezala, euskara ikasten lagundu zion. Solfeoa eginda zuen berak, eta urteetan zehar akademizismoa galdu duela aitortu arren, melodiak sortzen laguntzeko gai da orain. Trekuri eskerrak eman zizkion, egindako lanagatik eta taldearen zutabe izateagatik. Maritxalarraren musika ekarpena ikaragarri bezala definitu zuen.
Hitzak hitz, ezagun egin zituena egiteari ekin zioten: abesteari. Gainontzeko taldekideak —denak ez zeuden— mahai ingurura bildu, eta kontzertu xume bat eskaini zuten, abesti zaharrago eta berriagoekin. Hau izan zen setlist-a: Barberak esperantza; Kantu kanta kantore; Trinidadeak dira; Bai, bai, bainan gero ez; eta Mendira naiz. Publikoak hala eskatuta, bis bat ere eskaini zuten: Esperantzari leiho bat abesti mitikoa. Txalo artean bukatu zuten kontzertu txikia. Trekuk bertaratutakoak gonbidatu zituen liburua eros zezaten, horri buruz hitz egitera —ere bai— joan baitziren.
Liburuari eranskina jarri ala ez erabaki beharko dute. Izan ere, datorren kontzertua maiatzaren 6an emango dute, Arrasaten, Errenteria-Oreretako Landarbaso Abesbatzarekin batera. Euskal musikaren historian orrialdeak idazten jarraitzen dute.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.