Lander Rodriguez hirugarren helmugaratu zen txapelketa irekiaren bigarren proban.
Lander Rodriguez, ziaboga emateko maniobra egiten (likra zuriarekin), Agustín Ordoñez asturiarraren atzetik.
Kantabrian lehiatu dira asteburuan Pasaia Kayak taldekoak, Itsas Kayakeko Txapelketa irekian, eta brontzezko domina lepoan itzuli dira handik, Lander Rodriguezek bigarren proban lortutako hirugarren postuari esker.
Denboraldiko lehen domina da pasaitarrentzat, eta Pasaia Kayakeko arduradunen hitzetan “oso motibagarria maiatzean hasiko den den Euskadiko Itsas Kayakeko Kopari begira”.
Probaren “irteera bizia” izan zela, eta berehala “seikote indartsuena” geratu zela buruan jakinarazi dute taldeko iturriek, tartean talde pasaitarraren bi palista indartsuenak: Lander Rodriguez eta Aritz Araneta.
Ziabogara iristerako Alvaro Fuiza galiziarra zen denen buru, eta haren atzean, Agustin Ordoñez asturiarra eta Lander Rodriguez pasaitarra. Poparean, baina, Rodriguezek ezin izan zion asturiarraren erritmoari eutsi eta hirugarren postuarekin konformatu behar. Minutu eta erdiko tartea atera zioen Rodriguezek Fortunako Joxemari Villagarciari, klubetik nabarmendu dutenez.
Taldeko Aritz Araneta seigarren tokian iritsi zen helmugara, eta bosgarren izan zen seniorren sailkapenari erreparatuta.