Mugimendu feministak zabaldu du deialdia; 19:00etan, Antxoko Gure Zumardian.
Aste honetan bertan beste elkarretaratze bat egin du mugimendu feministak Antxon, astelehenean, Gasteizeko hilketak salatzeko.
Berehalako erantzuna izan du 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaiak. Sexu eraso delituagatik absolbitu dituzte bost auzipetuak, eta sexu abusu delituagatik zigortu. Honenbestez bederatzi urteko kartzela zigorra bete beharko dute bost gizonek.
Sententziak kontrako erreakzio asko eragin ditu eta kalera ateratzeko deialdiak zabaltzen ari dira han eta hemen. Pasaian, Antxoko Gure Zumardira biltzeko deia egin du mugimendu feministak. 18:30ean elkartuko dira plazan aldarriak prestatzen hasteko eta 19:00etan ekingo diote elkarretaratze zaratatsuari. “Sententziak dio ez dela bortxaketarik izan, baina guk argi dugu, guk sinisten dizugu”, diote deialdian.
Sententziaren aurreak “isilik ez geratzeko”, eta kalera irteteko eskatu dute: “Jaitsi kazuela, txilibitu… eta ozen entzun diezagutela: Erasorik ez, erantzunik gabe”.