Lezoko Udalak jarri duen makina bihartik aurrera izango da martxan.
Konposterako poltsak kiroldegian jaso ahal izateko makina jarri dute Bekoerrotan.
Lezoko Udalak konposterako poltsen eskuratzea erraztu nahi du, eta horregatik udaletxean ez ezik, lezoarrek aurrerantzean poltsak kiroldegian eskuratzeko aukera izango dute. Makina bat jarri dute Bekoerrotan horretarako, eta bihartik aurrera erabilgarri egongo dela iragarri dute.
Erabilera arduratsua bermatze aldera, poltsak jasotzeko txipa duen txartela erabili beharko dute herritarrek. Erabiltzaileek txartela makinaren irakurgailura hurbildu besterik ez dute egin beharko poltsen zorroa eskuratzeko. Zorro bakoitzeko 40 poltsa banatuko dituzte, udalaren kalkuluen arabera, hamar asterako adina. Edonola ere, erabiltzaileei makinan bertan adieraziko zaie noiztik aurrera jaso dezaketen hurrengo poltsen zorroa.
Auzokonposta edo etxekonposta egiten duten herritarrek makinatik poltsarik ezingo dutela eskuratu ohartarazi du udalak. Etxekonposta egiten dutenek hilabetean bi poltsa eskuratu ahal izango dituztela zehaztu dute, baina udaletxean, orain arte bezala.
Gainontzean, kiroldegiko sarreran kokatu duten makina kiroldegia zabalik dagoen orduetan egongo dela erabilgarri esan dute.
Neguan:
- Astelehenetik ostiralera: 8:15etik 21:45era.
- Larunbatetan: 08:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00tara.
- Igandetan: 09:00etatik 13:30era.
Udan:
- Astelehenetik ostiralera: 09:00etatik 21:00etara.
- Larunbatean: 09:00etatik 13:30era.