Lezon Ondo Ai Ginen taldeak giza katea egingo du maiatzaren 4ean, herriko anbulatorioan hasi eta plazan bukatzeko
Errauste planta egin nahi duten Zubietako eremua.
Lezon Ondo Ai Ginen taldeak giza katea egingo du maiatzaren 4an, ostirala. Bere helburua errauste plantek osasunean duten eragin kaltegarriak salatzea izango da, eta zehazki, Zubietan eraikitzen ari direnak.
Esan dutenez, azken aldian euren kezka areagotzen ari da. Anberes (Belgika), AEB, Sardinia, Mexiko, Japonia eta Bizkaiko erraustegietan gertatutako istripuek kezkatu zituen, baina osasunarekin zerikusia duten gaiek larritzen dituztela gehiago. Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak duela gutxi plazaratu duen ikerketa baten berri eman dute: “Zubietako errauste plantari buruzko azterketa txostena aurkeztu zuten, eta ikusi dute baimendua dagoela 12 sustantzia toxiko oso larri isurtzea mugagabe eta kontrolik gabe. Gipuzkoarroi hau ezkutatzea oso larria iruditzen zaigu”.
Duela gutxi Parisko epaitegi batek ebatzitakoa gogorarazi dute jarraian. Arrazoia eman die Vaux-le-Penileko erraustegiaren inguruan bizi diren 165 bizilaguni. Era berean, Melun mankomunitatea zigortu dute, baimendutakoa baino 1.700 aldiz dioxina gehiago bota zituelako 1998an. Lau urte beranduago kopurua altuagoa zen (2.200).
Frantziako Estatuan jarraituz, Marseillako errauste planta inguruan hazitako elikagaietan dioxinak topatu dituzte. Handik ez oso urruti, Montpellierreko errauste planta modernoan, 2.000 sustantzia isurtzen dira. Pisan (Italia) antzeko emaitzak eman dituzten azterketak egin dituzte, eta hondakinak errausteko plantak itxi dituzte. Madrilgo Valdemingomezko zabortegiaren kasua ere aipatu dute.
Berehalako gelditzea
Adibide horiek guztiak kontuan hartuta, Zubietako plantako obrak berehala gelditzea eskatu dute. Alternatiba merke eta osasuntsuak ezartzea aldarrikatu dute, halaber. “Exijitzen dugu gure osasuna bermatzea eta prebentzio printzipioa ezarri dadila, hala nola, eztabaida publiko eta tekniko bat Eitb-n, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz”, gaineratu dute.
Maiatzaren 4ean Lezoko anbulatorio parera joateko deia egin dute, handik Gurutze Santuaren Plazara abiatzeko. 19:00etan hasiko da giza katea. “Lezo Ondo Ai Ginen taldeak irmo salatu nahi du obra honek osasunean duen eragin kaltegarria. Etorkizunean ere salatzen jarraitu nahi dugula adierazi nahi dugu”.