Albaolan, faktoria bete lan
Elkanoren ‘Victoria’ ontzia Albaolan eraikiko dutela iragarri berritan Kultur Faktoriaren bilakaeraz aritu da elkarteko buru Xabier Agote ; pozik lortutakoekin, egitasmoak ez dituzte faltan.
San Juan galeoia epe laburrean bukatuko du Albaolak eta 2020 uretaratu nahi dute Datorren urtean hasiko dira Elkanoren Victoria ontzia eraikitzenZentzu horretan, Agotek ohartarazi du oso kontuan hartzekoa dela San Juan erreplika zehatz bat dela: «Berreraikuntza asko antzaldatuak izan dira, eta gurea erreplika zehatz-zehatza da, horretan datza UNESCOren babesa». Izan ere, UNESCOk San Juan-en eraikuntza babestu izanak sekulako balioa du Agoteren ustez, are gehiago kontuan hartuta, munduan babeslego hori jaso duen ontzi bakarra dela. Elkanoren ontzia Hurrengo erronkatzat Victoria ontzia zergatik hautatu duten galdetuta, Agoteren argudioen zerrendan ez dira falta arrazoiak: «1522an Elkano Sevillara iritsi zen Victoria ontzian, eta ekintza horrekin lortu zuen aurreneko aldiz mundu osoari buelta ematea. Niri iruditzen zait gertakizun itzela dela». Balentria haren tamainaz jendartea ez dela behar bezala jabetzen iritzi dio Albaolako buruak, eta horri neurria eman nahian jarraitu du: «Elkanoren espedizioa izan zen Pazifikora iristen eta hura zeharkatzen lehena». Gaineratu duenez, espedizioen parte hartu zuten bost itsasontzietatik bakarra iritsi zen helmugara, Victoria ontzia, hain zuzen. Eta ez hori bakarrik: «250 lagun inguruko tripulaziotik 18 besterik ez ziren iritsi Sevillara. Gainontzeko guztiak hil ziren bidaia bitartetan, eta beste askok desertatu zuten». Baina bada pisuzko beste arrazoi bat Elkanoren Victoria ontzia berreraikitzeko. Albaolako ikerlariek baieztatu ahal izan dutenez, espedizio hartan parte hartu zuten bost itsasontzietatik hiru euskal jatorrikoak ziren. Victoria ontzia Ondarroakoa zen, eta lekeitiarra espedizio bereko Trinidad ontzia, Magallanesek erabili zuena, eta portura sekula iritsi ez zena. San Antonio izena zuen espedizio hartako hirugarren ontzi euskalduna, Bilbo aldekoa, eta Erandioko gizon baten jabetzakoa. La Concepción galiziar jatorriko ontzia zela badakite ikerlariek, baina ez dute zehazterik izan Santiago izeneko ontzia nongoa zen. Baina denaren gainetik Albaolak Victoria ontzia berreraikiz goraipatu nahi duena argi du Agotek: «Albaolak ospatuko duena da hori guztia euskal itsas teknologiak ahalbideratu zuela. Munduan inoiz egin den itsas espediziorik epikoena %100 euskal itsas teknologia erabiliz egin zela. Hori gertatu zen duela 500 urte euskal kostaldean, eta hori da Albaolak harrotasun osoz aldarrikatuko duena hemendik aurrera». Horretarako lanean hasiak dira jada Kultur Faktorian, ikerketa fasean bete-betean: «Buru-belarri ari gara itsasontzi haren ezaugarri zehatzak nolakoak ziren erabakitzen». 85 tonako ontzi bat zela badakite, eta garai bereko beste euskal itsasontzien ezaugarriak kontuan hartuta, planoak lantzen ari dira, ikerketa bukatuta, datorren urtean eraikitzen hasi ahal izateko. Rankingean hirugarren Albaola, baina, ez da errepliken eraikuntzara mugatzen. «Proiektu integrala da», Agotek ohartarazi duenez: «Gure ahalegina beti izan da euskal itsas ondarearen eremu guztiak lantzea. Ontzigintza, nabigazioa, arkeologia, ikerketa, formazioa, dibulgazioa… saiatzen gara denetarik egiten, eta horrela lan eginez lortzen dugu puzzlearen pieza guztiak osatzea». Zentzu horretan, faktoriaren bilakaerari erreparatuta «oso pozik» agertu da Agote, proiektua martxan jarri zutenean zituzten helburu guztiak bete dituztela goraipatuta. 2014ko ekainaren 24an zabaldu zuten Albaolaren Kultur Faktoria, San Juan galeoiaren kila jartzearekin bat. Ordutik lortutakoak zerrendatu ditu elkarteko buruak: «Berreskuratu dugu teknologia bat guztiz galduta zegoena». Horrez gain, formazioaren esparruan egin duten lana nabarmendu du: «Hasieratik aritu gara jendea formatzen, baina iazko irailetik modu formalean ari gara, Aprendiztegi ontzigintza eskolaren bitartez». Elkartean gero eta boluntario gehiago daudela gaineratu, eta gero eta bisitari gehiago dituztela baietsi du: «Gure datuak oso onak dira. Gipuzkoako hirugarren museorik bisitatuena gara Donostiako Aquariuma eta San Telmoren ondoren». 1999 urtean ekin zion bideari Albaola elkarteak, hastapenetan Donibaneko ontziola txikitxoan. Ordutik, baina, asko handitu da proiektua eta bidean gauza asko ikasi dituztela nabarmendu du Agotek: «Albaolaren hasierako helburua Euskal Herriko itsas ondarea balioan jartzea zen», gogoratu du, baina hasieratik Oarsoaldea Garapen Agentziarekin izan duten elkarlanaren eraginez, «itsas ondarearen aldarrikapen hori tresna bat dela ohartu» direla dio, «eta ez helburu bat». Zentzu horretan, Agotek dio beti egon direla «oso adi» beren lana «hurbileko gizartearen probetxurako» izan dadin. Turisten jomuga Turismoa erakartzea lortu dutela goraipatu du, bide batez, Agotek, Kultur Faktoriara iristea ez dela erraza ohartaraziz eta Albaolara iristen diren bisitariak hara propio doazela nabarmenduta: «Ostalariek, orokorrean, adierazi digute oso pozik daudela gurekin, eta komunikabideei esker, Pasaia, Euskal Herriko itsas ondarearen eta bere historiaren erreferenterik handiena da gaur egun, alde handiarekin. Nik uste dut oso onuragarria dela herriko identitate eta harrotasunerako». Turismo ereduaren gaineko eztabaida pil-pilean, Agotek argi hitz egin du: «Badaude leku jakin batzuk saturatzetik gertu egon daitezkeenak, baina nik uste dut Pasaian egoera horretatik oraindik oso urruti gaudela». Are gehiago, inguruan turistak ikustea biziki maite duela aitortu du: «Ni neu ahalegintzen naiz turista izaten. Uste dut euskaldunak turismo asko praktikatzen dugula, eta masifikazio egoera horiek kenduta, niri gustatzen zait turistak ikustea». Gainera, Albaolara iristen diren turisten profila «oso interesgarria» dela iritzi dio: «Guregana etortzen den turistaren profila gure nortasunaren bila datorrelako. Interesatzen zaio Euskal Herria eta euskal kultura, eta bilatu nahi ditu euskal kulturaren gakoak. Guk poz-pozik eskaintzen dizkiogu gako horiek». Zentzu horretan, kultur faktoria oso tresna eraginkorra izan daitekeela defendatu du Agotek: «Gurea sekulako tresna da euskal kultura helarazteko mundura». Izan ere, Agoterentzat «euskaldunon historia da munduan egon daitekeen itsas historiarik ederrena». Eta horretan ari da Albaola sortu zenetik, iragan zinez epiko eta baliotsu baten historia haizatzen, Pasaiako Kultur Faktoriatik mundura.