Etsituta eta haserre. Hala azaldu da Errenteriako Udala, 2016an Iruñean emakume baten kontra izandako erasoaren inguruan Nafarroako Probintzia Auzitegiak atzo eman zuen epaiarekin.

Ehunka herritarrek haserrea kalera atera zuten atzo. Argazkia: KOLPE MOREA
Etsituta eta haserre. Hala azaldu da Errenteriako Udala, 2016an Iruñean emakume baten kontra izandako erasoaren inguruan Nafarroako Probintzia Auzitegiak atzo eman zuen epaiarekin. Babesa, maitasuna eta elkartasuna adierazi dio Errenteriako Udaleko Bozeramaile Batzordeak emakumeari eta haren senide eta lagunei, egindako adierazpen instituzionalean, eta “erabateko desadostasuna” azaldu du sententziak jasotzen duenarekin: “Bereziki, jazotakoa sexu abusu jarraitu gisa aitortu duelako”. Horren harira, babesa erakutsi die sententzia inpugnatu edo inpugnatuko duten erakundeei, beharrezkoak diren errekurtsoak bitartekoak erabiliz.
Justizia eskatzen duen aldarriarekin bat egin du gainera bozeramaileen batzordeak, eta emakume guztiek askatasunerako eskubidea dutela aldarrikatu du, gogoratuta Errenteriako herriak ez duela inolako eraso matxistarik onartzen.
Berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, bestalde, “mugimendu sozial, feminista, eta oro har herritarrekin, eta bereziki, emakumeen eskubideen defentsan eta patriarkatuaren adierazpen ororen aurka”. Azkenik, eraso zuten emakumeari babesa adierazteko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritar guztiak.
2018-04-27-adierazpen instituzionala