Touring Kirol Elkartearen kudeaketaren eredu aldaketa eskatzen ari ziren kide ugari. Babes zabala lortuta, Touring Berria plataformaren proiektuak hartu berri du klubaren gidaritza.

Zuzendaritza berria Touring Berria plataformako kideekin batera Fanderiako futbol zelaina. Erdian zutik elastiko zuriz jantzita Asier Yerobi lehendakaria.
Ilusioa sortu nahi zuten, eta lortu dute. Touring Berria plataformak, Touring Kirol Elkarteko bazkideen gehiengoaren babesa jaso du, eta beraz, haiek aurkeztutako zuzendaritza taldeak hartu du Touringen gidaritza. Pasa den astean aztertu zuten bazkideek plataformak aurreko zuzendaritzari aurkeztutako zentsura mozioa, eta bertaratu ziren 107 bazkideetatik (150 bazkidek dute bozkatzeko aukera) 87k babestu zuten plataformaren proiektua.
Touringen azken urteetako historian izan den batzarrik jendetsuena izan da azken hori, eta horrek ere, nabarmen utzi du klubaren egoerarekin bazkideek duten kezka eta ezinegona.
Lehenengo urratsa eginda, gogorrena datorkio orain futbol elkartearen gidaritza hartu duen talde berriari. Touring amildegitik ateratzea eta arlo guztietan eragitea egoera hobetzeko.
Jokalari, bazkide, baita herritarren artean ere ilusioa sortzea du helburu Touring Berria plataformak, kirol elkartea leheneratzea, eta berriz ere, herriko neska-mutilek klubaren kamiseta soinean jantzita eramatea amestu dezaten. Harmailak ere bete nahi dituzte, herritarrak Fanderiara hurbiltzea lortu herriko taldea animatzera.
Ez dute lan erraza izango, gainbeheran delako kluba. Azken arrazoi horrek eraman zituen herriko hainbat lagun plataforma sortzera eta lanean hastera. Orain arte kanpotik egin duten lana, barrutik egiten hasi dira duela astebetetik. Eta gogoz ari dira, erronka ez dela makala jakitun badira ere. Kirol elkartearen kudeaketa eredua aldatu nahi dute, jokalari talde trinkoa lortu, entrenatzaile prestatuak, euskarari ateak zabaldu parez pare, baita herriari ere, klubak parte hartzailea behar duela sinistuta daudelako, eta horri guztiari begira plan estrategikoa garatu dute datorren denboraldiari erantzuteko.
Jokalariak animatu
Lehen lana, ordea, Touringen Erregional Ohorezko Mailan ari diren jokalariekin biltzea izan du zuzendaritza talde berriak. Joan den ostiralean egin zuen hori Fanderiako zelaian bertan.
Kategoriaz jaitsiko da taldea datorren denboraldian, Erregional Preferentera, eta jokalariak motibatu beharra dagoela dio Asier Yerobi lehendakari berriak, «eskerrak eman behar dizkiegu egiten ari diren lanarengatik, animoak eman behar dizkiegu denboraldia amaitzear dagoenean, ahalik eta ondoen bukatu dezaten. Touringen denboraldirik okerrenari aurre egitea tokatu zaie».
Hurrengo erronka entrenatzaile eta jokalari taldeak lotzea dute, «datorren denboraldirako planifikazio osoa egin behar dugu. Maiatzean amaituko da denboraldi hau eta irailean hasiko da hurrengoa, denboraz larri gabiltza, beraz, eta hori da orain zuzendaritza taldearen lehentasuna».
Iritsi dira eta lanean ari dira, «buru-belarri» Yerobik azaldu duenez, eta hori entrenatzaile, jokalari eta futbol eskolako gurasoei ere erakutsi nahi diete, «haiekin elkartu eta hitz egin nahi dugu, gure plangintza aurkeztu eta orain arte egin ez den modu batean kudeatu taldea, bestelako eredu batekin, XXI. mendeko taldea egiteko».
Kategoria berreskuratu
Aurrera begira jarrita, Touringen lehenengo taldeak galduko duen kategoria ahalik eta azkarren berreskuratzea dela erronka dio lehendakariak, «ahal dela datorren denboraldian bertan. Saiatuko gara klubetik joan diren jokalariak itzul daitezen, eta talde indartsua sortzen orain ari diren jokalariekin eta ekarriko ditugun berriekin batera».
Touringen izandako aldaketak jarraitzaileengan eta jokalariengan ilusioa piztu duen zalantzarik ez du Yerobik, eta herrian ere eragina izango duela uste du, «espero dugu sortu dugun ilusio hori benetakoa izatea eta haurren helburua izatea egunen batean Touringen lehen taldean jokatzea, jendea Fanderiara eramatea, harro sentitzea Touringeko koloreekin, historikoki izan den bezala».
Futbol Eskolako Guraso Batzordeak pozik hartu du Touring Kirol Elkarteak bizi duen aldaketa garaia. Joan den astean, babes osoa erakutsi zion Touring Berria plataformari, eta hala jakinarazi zuen Fanderiako zelaiko harmailetan egin zuen agerraldian. 100 haur ari dira egun eskolan, eta horien gurasoen artean 149 sinadura bildu zituzten plataforma babesteko.
Zuzendaritza berria lanean hasita, argi dute eraldaketa garaia heldu dela «azkenean», eta klubaren aldekoa izango dela, gainera.
Guraso batzordea, pozik
Laura Ochoa de Alda guraso batzordeko kideak futbol eskolak berak, eta Touring Kirol Elkarteak oro har behar duen eredu aldaketa gauzatzeko «aukera paregabetzat» jo du kirol elkartearen zuzendaritza aldaketa: «Touring Berria plataformak aldaketaren aldeko indarrak bildu ditu guraso, jokalari, zale eta herritarren artean dudarik gabe, eta horren isla izan da zentsura mozioaren emaitza argia».
Proiektu serioa eta jantzia iruditzen zaie, eta horren harira, zuzendaritza berriak kirolean, eta arlo sozial eta ekonomikoan prestatuta dagoen jendea biltzea lortu duela gaineratu du, «eta hori oso garrantzitsua da Touringen egoerak hobera egin dezan, kudeaketa egoki batekin. Ezinbestekoa».
«Bestelako eredu batekin kudeatu nahi dugu taldea, XXI. mendekoa egiteko»
«Espero dugu jendearengan sortu dugun ilusio hori benetakoa izatea»
Asier Yerobi Touringen lehendakaria
Zuzendaritzarekin lehen kontaktua egina dute jada gurasoek, eta azken horiek futbol eskolarako egindako eskakizunekin adostasuna azaldu dutela esan du Ochoa de Aldak, «gure gutxieneko eskakizunak bere egin ditu zuzendaritza berriak. Futbol eskolaren funtzioa estrategikoa da eurentzat, jokalariak hezteko eta harrobia sendotzeko». Hori ezinbestekoa iruditzen zitzaien guraso batzordeko kideei.
Entrenatzaileen prestaketa zen gurasoak kezkatzen zituen beste arloetako bat, «haiek ere ezinbestekotzat jo dute entrenatzaile esperimentatuak aritzea, gure seme-alaben heziketan erreferente izango direnak. Entrenatzaile gazteei, berriz, esperientziadun entrenatzaileen ondoan ikasten joateko aukera emateko prest azaldu da, gainera, zuzendaritza berria».
Gutxieneko eskaerak zituzten gurasoek. Azken urteetan futbol eskolak arazo estrukturala izan duela nabarmendu du gurasoen izenean hitz egin duen Ochoa de Aldak, eta orain arteko zuzendaritzak futbol eskola ez duela klubeko oinarrizko atal gisa kontsideratu izan salatu du: «Ez dio futbol eskolari garrantzirik eman, eta gehiago erabili du diru iturri gisa elkartearen beste arloetako zorrak kitatzeko. Epe motzeko politika trakets horren ondorioz ezegonkortasuna izan da eguneroko ogia eskolaren jardunean».
Horren adibideak ere jarri ditu, eta futbol eskolan aritutako koordinatzaile eta entrenatzaileen behin-behinekotasuna aipatu, «horietako askok hasi eta berehala kargua utzi izan dute. Horrela ez dago jarraikortasunik ematerik». Entrenatzaileen adina izan da beste arazoetako bat, gurasoen iritziz, «oso gazteak dira, borondate oso ona dute, baina gutxieneko prestakuntzarik ez, eta horrek gure haurrengan eta eskolan eragina dauka». Politika «tamalgarri» horrek ondorio «kaltegarriak» izan dituela dio «eskolara ilusioz» doazen haurrengan: «Hutsune handiak sumatu ditugu haurren hezkuntzan, kirol heziketan, entrenatzaileen erreferentzialtasunean eta haur bakoitzaren garapenaren jarraipenean».
Erronka handia
Horiek guztiak zuzendaritza berriarekin aldatuko direla uste dute, erronka nolanahikoa ez dela jakin arren: «Zuzendaritzak ez du lan makala aurkeztu duen plan estrategikoa teoriatik praktikara eramateko, baina aukera ezinbestekoa da egun daukaguna, eta baliatu egin behar da».
Badakite ere, kirol elkartearen eraldaketa prozesuak luze joko duela, ez dela egun batetik bestera gauzatuko, baina itxaropentsu daude, ilusioz, «zuzendaritza berriak denbora beharko du elkartearen gaur egungo errealitatean kokatzeko eta lehentasunezko neurri zuzentzaileak martxan jartzeko».
«Futbol eskolaren funtzioa estrategikoa da zuzendaritza berriarentzat»
«Orain arte egin dugun bezala ekarpen positiboak egiten jarraituko dugu»
Laura Ochoa de Alda Guraso Batzordeko kidea
Horren harira prestu azaldu dira eta eskua luzatu diote zuzendaritzari bidea denen artean egiteko Touring Kirol Elkartearen hobe beharrez: «Orain arte egin dugun bezala, hemendik aurrera ere, ekarpen positiboak egiten jarraituko dugu futbol eskola eta Touring Kirol Elkarte osoaren alde. Futbol eskola osatzen duten haurrak ilusio betez bertaratzen dira Fanderiako zelaira, entrenamenduetara. Guk, guraso bezala, lanean jarraituko dugu gure seme-alaben hezkuntza eta kirol zaletasuna garatzen jarraitzeko».
Erronka ez da erraza, baina lanean hasi da zuzendaritza taldea, gogoz eta plangintza sendoa oinarri hartuta. Fanderiako zelaian bertan nabaritzen da aldaketa, haize berria heldu dela. Halere, esan dutenez, denbora emango du eredu aldaketak, uzta eman aurretik.
Inkesta
Bolo-bolo ibili da Touring Kirol Elkartearen gaia azken asteetan. Taldean izan den aldaketaren gainean herritarrek zein iritzi duten bildu du Hitzak.
Touring Berria plataformak aurkeztutako proiektuak eta zuzendaritzak hartu berri dute Touring Kirol Elkartearen kudeaketa, bazkideen gehiengo zabalak babestuta. Zein iritzi duzu?
«Taldea ez dut asko jarraitzen, baina garai hobeak izan ditu Touringek»
Lur Mujika. Langilea
Lagun batek zer edo zer aipatu badit ere, zehazki ez dakit zer gertatu den. Euskara, emakumeen futbola, eta futbol eskola bultzatu nahi dituela zuzendaritza berriak entzun dut, eta hori beharrezkoa iruditzen zait, batez ere euskararen egoera herri honetan nolakoa den ikusita.
Talde gisa ez dut asko jarraitzen, baina emaitza aldetik egoera kaskarrean ikusten dut, garai hobeak izan ditu Touringek.
«Ilusioarekin datorren jende gazteari lekua uztea hoberena da»
Natalia Imaz Garcia. Langilea
Nire ustez elkartearen mesederako da aldaketa, aurreko zuzendaritza zaharkitua zegoela iruditzen zaidalako. Lanerako gogoarekin eta ilusioarekin datorren jendeari lekua uztea hoberena dela uste dut, ziurrenik proiektu berritzaileagoak dituztelako, gainera. Batez ere haurrentzat da onuragarriena, beraiek dira kaltetuenak. Ilusioarekin eta gogoarekin denak egiten du aurrera.
«Gure herriak neurriko taldea izatea merezi du, eta ez orain duguna»
Patxi Etxeberria. Erretiratua
Touringen egoera ikusita erabaki bat hartu beharra zegoela iruditzen zait, eta zuzendaritza aldaketa onerako izango dela uste dut. Aurreko zuzendaritzak urte asko egin ditu Touringen eta jende berriari lekukoa eman behar zion. Zuzendaritza berriko kideak gazteak dira, ilusioa dute eta lanerako gogoz heldu dira. Gurea bezalako herri batek neurriko taldea izatea merezi du, eta ez orain duguna.
«Ni bazkidea naiz, eta onerako baldin bada, edozein aldaketa egokia da»
I
nma Santos Agudo. Dendaria
Touring Kirol Elkartearen egoera hobetzen duen edozein erabaki eta aldaketa ongi iruditzen zait, ongietorria da. Nik horrela ikusten dut. Tristea da Errenteriak Touring duen egoeran izatea, bere ibilbidean izan duten maila ikusita, pena da gaur egun dagoen lekuan egotea. Ni bazkidea naiz, eta onerako bada edozein aldaketa egokia da. Behar denean babestuko dugu, gainera.