Mugimendu feministak deituta, jende asko bildu da plazan, erasoaren biktimari sinesgarritasun eta aitortza kolektiboa egiteko

Jende ugari bildu zuen Antiju Morik-en deialdiak.
Amorrua sortu du 2016ko uztailaren 7an Iruñean egindako erasoaren sententziak. Atzo jakinarazi zuten epaia: bederatzina urteko kartzela ezarriko diote egile bakoitzari, eta 50.000 euro ordaindu beharko dizkiote erasoa jasan zuen emakumeari. Sexu abusua egitea leporatu diete bost sevillarrei.
Atzo arratsaldean ehunka mobilizazio egin ziren Euskal Herrian, Espainian eta Europan. Oiartzungoak jende andana bildu zuen plazan, Antiju Morik talde feministak deituta. Hogei minutuko elkarretaratzea isila egin zuten, eta megafonotik sirena hotsek isiltasuna hausten zuten. Elkarretaratzea bukatzean, Antiju Morik-eko kide batek mikroa hartu zuen, zerk bildu zituen azaltzeko: “Lehenik eta behin, sinesgarritasun eta aitortza kolektiboa egiteko bildu gara hemen, bortxaketa izan zela ez dugu zalantzan jartzen. Erasotzaileek indarkeria eta intimidazioa erabili zituzten erasotua bortxatzeko”. Auzitegiak hori aitortzen ez zuen arren, beraiek biktimari sinesten diotela berretsi zuten.
Eraso hura bortxaketa bezala ez definitzea larria dela salatu zuten. “Horrek frogatzen du”, zehaztu dute, “beste kasu askok bezala, epaitegiak ez daudela emakumeon gorputzaren eta bizitzaren gaineko askatasuna defendatzeko.Bai, aldiz, sistema honen ordena patriarkala eta misoginoa iraunarazteko”. Horregatik —eta beste kasu batzuengatik—, sistema judizialari buruzko hausnarketa bat eskatu zuten.
Neurri politikoak
Emakumeen kontrako indarkeria eguneroko errealitatea dela gogorarazi zuten. Salatu zutenez, sistema patriarkalaren erreminta bat da boterean jarraitzeko. Horregatik, atzo jakinarazi zuten epaia zein emakumeen kontrako indarkeria, oro har, gogor gaitzetsi dituztela adierazi zuten: “Orain arte bezala borrokan segituko dugu, eta autodefentsa feministan emakumeok ahalduntzen. Argi dugu ez dela emakumeon arazoa soilik, politikoa baizik”. Horregatik, irtenbide politikoak eskatu zituzten, hainbat esparrutan jorratzeko: eskoletan, instituzioetan, epaitegietan… “Emakumeon kontrako estrukturazko biolentziari aurre egiteko konpromiso politiko eta soziala beharrezkoak dira”, eskatu zuten.
Irakurketa aldarrikapenekin bukatu zuten: “Bat erasotzen dutenean, guztiok erasotzen gaituzte. Gora borroka feminista! Gora Oiartzun feminista!”.