Pasaiako Udalak elkarretaratzera deitu du
12:00etan da kontzentrazioa, Donibanen, udaletxe aurrean.
Atzo iluntzean mugimendu feministak deituta, eta gaur Pasaiako Udalak antolatuta, 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaiak erreakzioak eragiten jarraitzen du.
Sexu eraso delituagatik absolbitu dituzte bost auzipetuak, eta sexu abusu delituagatik zigortu, eta horrek haserrea eta amorrua eragin du jendarteko sektore oso zabaletan.
Pasaiako Udalak premiaz antolatu du bozeramaileen batzordea eta gaur eguerdirako herritarrak elkarretaratzea deitzea erabaki du. 12:00etan da elkarretaratzea, Donibanen, udaletxe aurrean.
Atzo arratsean ere ozen entzun ziren sententziaren kontrako oihuak. Trintxerpen, San Pedron eta Antxon izan ziren elkarretaratzeak, eta denetan mezu bera: “Ez da erasoa, bortxaketa izan da. Guk sinisten dizugu”.
Antxoko deialdia bereziki jendetsua izan zen. Manifestazio zaratatsuaren ondoren komunikatu bat irakurri zuten mugimendu feministako kideek. “Hau ez da emakumeon arazoa soilik, hau arazo politiko bat da, hortaz, irtenbideak askotariko eremuetatik jorratzea ezinbestekotzat jotzen dugu”, adierazi zuten, eta “konpromiso politiko eta soziala” eskatu zuten.
