Herri bazkaria eta kantaldia izango dira Gure Zumardian.
Balbino Saenzen ama, lore sorta jasotzeko unean, duela bi urteko herri bazkarian.
Maiatzaren 8an beteko ditu urteak Balbino Saenz presoak, eta antxotarrek bere urtebetetzea ospatuko dute igandean (hilak 6), herri bazkari batekin, Gure Zumardian. Helburua, antolatzaileen esanetan “Balbi preso dagoela gogorarazi, eta berari eta bere senideei sostengu ekonomikoa” ematea.
Bazkarirako txartelak Kamio, Mimos, Leunda eta Kurlinka tabernetan daude salgai, 12 euroan helduentzat eta 6 euroan haurrentzat. Egunean bertan ere izango da txartela eskuratzerik, baina 15 euroan. Helburua, jendeak aurrez aurretik txartelak erostea.
Bazkarirako menuan: paella-jatea, eta atarikoetan, errusiar entsalada eta iberikoak. Postrea ere barne sartzen da.
Bazkariaren aurretik trikitilariak ariko dira bazterrak alaitzen, eta bazkalostean kantaldia izango da, Andoni Oilokiegi sanjuandarraren eskutik. Festa bukatzeko, noski, toka eta bote txapelketak ezin falta.