Aurretik Tolosan egindako Bizipoza Jaia. ARGAZKIA: IRRIEN LAGUNAK
Bizipoza Elkarteak Errenterian egingo du Bizipoza Jaia aurten. Ez da Irailaren 29ra arte helduko, baina prestaketa lanetan hasiko dira jada, eta horri begira, hilaren 10ean (osteguna) batzarra egingo dute Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan 19:00etan.
Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten elkarteek osatzen dute Bizipoza elkartea. Egun, 32 elkarte barnebiltzen ditu, eta horietatik bi Errenterian ari dira lanean:
Juneren Hegoak eta Mindara elkartea. Juneren Hegoak elkarteak laguntza sare bat sortzeko hasi zuen bidea, haurren gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzean kalteberatasun egoeran dauden Gipuzkoako familiei laguntza eta babesa emateko.
Mindara, berriz, aniztasun funtzionala pairatzen duten pertsonei laguntzeko Gipuzkoako elkartea da.
Bizipoza elkarteak zabaldu nahi dituen balioak, jai giroan eta auzolanean zabaltzea du helburu Bizipoza jaiak, baita Bizipozan parte hartzen duten gizartegintzako elkarteak eta haien lana ezagutzera ematea eta jendeari hurbiltzea.
Datorren asteko bileran jaiaren nondik norakoak azaltzeaz gain, herritar eta eragileen ekarpenak bildu nahi dituzte, egitaraua lantzen joan eta antolaketa lanak bideratzeko.
Bizipoza elkarteak Errenteriako Udalarekin elkarlanean antolatuko du jaia.