Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileak parte hartzerik ez zela izan inbertsioak erabakitzeko garaian salatu du.
PSE-EEko zinegotziak pleno batean.
PSE-EEk estrategikoak diren proiektuei uko egin izana
“ulertezina” dela esan zuen Irabaizek joan den ostiralean bidalitako prentsa ohar batean. Gobernu taldeak aurrekontuan aldaketa egitea proposatu zuen apirileko plenoan, inbertsio berriak egiteko, eta alderdi sozialistak kontra bozkatu zuen. PSE-EEk prentsa ohar bidez erantzun dio orain Irabaziz alderdiari.
Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileak parte hartzerik ez zela izan inbertsioak erabakitzeko garaian salatu du, “oposizioko inongo alderdirik parte hartu ez dugun proposamena babestea nahi zuen gobernu taldeak”. Ekiteko modu hori “konstante bat” bihurtu dela gaineratu du, “gardentasunik eta parte hartzerik ez dago udal honetan. Gainera, ez gatoz bat gobernu taldeak herriarentzat dituen lehentasunekin. Gure bozka serioagoa eta arduratsuagoa da”.
Irabazizen gainean mintzatu da ondoren, Rodriguez, eta Errenteriaren gidaritzan alderdi horrek “lekukotasun paper hutsa” duela esan du, “ez du iniziatiba politikorik, gobernu taldea osatzen duen beste alderdiaren atzetik doa gizarte zerbitzuen kudeaketa negargarria egiten”. Aurrekontua ez dutela existitzen diren arazoak konpontzera edo herritarrak laguntzera bideratzen erantsi du Rodriguezek, “bai ordea eraikinak erostea modu unilateralean erabakitzeko, zertara bideratuko dituzten azaldu gabe”.
Eskaera zehatza egin du Rodriguezek, “garbitasun gehiago, segurtasun handiagoa, trafiko hobea, ekintza sozial gehiago, mantenu gehiago, eta etxebizitza sozial gehiago…”