Santiago Sierra artistaren Preso politikoak gaur egungo Espainian artelana ikusgai izango da Reina aretoan ostiraletik hilaren 26ra arte.
Santiago Sierraren artelana Reina aretoan izango da ikusgai. Argazkia: CAOS EN LA RED
Santiago Sierra artistaren
Preso politikoak gaur egungo Espainian artelana ikusgai izango da Reina aretoan ostiraletik hilaren 26ra arte. Sierraren lana, Madrilgo nazioarteko arte azoka den ARCOren 37. aldian egin zen ezagun, feriaren arduradunek kentzea erabaki zutenean, ARCOren zuzendari Carlos Urrozek berak, desegokitzak jo zuen artelana. Ezinegona sortu zuen erabakiak, eta adierazpe askatasunaren gaineko polemika handia sortu.
Bertatik Lleidara heldu zen Sierraren artelana. Arrakasta handia izan du bertan, eta 7.000 lagunetik gora bisitatu dute. Bartzelonara ere eramango dute, baina aurretik Errenteriak toki bat lortu du lanaren zirkuituan eta Reina aretoan erakutsiko dute Sierraren lana. Helga de Alvear galeriarekin harremanetan jarri zen udala lana erakusteko udal instalazioak eskaintzeko, eta galeriak onartu egin du, bertan doan erakustea.
Preso politikoak gaur egungo Espainian artelanean besteak beste, politikari katalanen, Solidari@s talde ekologistako kideen,
La bruja y Don Cristobal lanagatik atxilotu eta epaitu zituzten titiriteroen, Egin egunkariko zuzendaritza taldeko kideen, eta Altsasu eta Errenteriako gazteen argazkiak bildu ditu Sierrak.
Udalak artelanaren edukia ez duela baloratu esan du, “ulertzen dugu jarrera kontrajarriak eragin ditzakeela, batzuk aldekoak eta beste batzuk kontrakoak. Baina zalantzarik gabe adierazpen askatasuna edozein gizarte demokratikoren zutabeetako bat da. Zentzu horretan, artelan bat zirkuituetatik desagerraraztea, deserosoa izan daitekeelakoan, demokrazia bera ahultzen du eta zuzenbide marko bermatzailearen aurka doa”. Horregatik erabaki duela udalak artelana erakustea esan du, “adierazpen askatasunaren defentsa argia eginez”.
Astelehenetik ostiralera 17:30 20:30era izango da zabalik Reina aretoa, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era, eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara. Ostiralean zabalduko dute, eta 19:00etatik aurrera izango da zabalik egun horretan.