Muskulo taldeak ‘Lau’ diskoaren kantuentzat sortutako bideoklipak estreinatuko ditu etzi Niessenen, bideoklipak proiektatu bitartean zuzenean joz; ekitaldi berean ‘Reset’ estreinatuko du Anakrusa taldeko Noemi Vianak
Lau. Laukote bat: Oskar Manso, Iker eta Ander Fernandez, eta Oskar Moran; lau kantu, eta lau bidaia. Horixe Muskulo musika taldeak etzirako luzatutako proposamena. Muskulok iaz kaleratutako lau kantuko diskoaren izena da Lau, denborarekin eraldatzen joan den proiektu bat, handitzen eta aberasten, eta horren guztiaren emaitza da igandean taularatu eta estreinatuko dutena, Errenteriako Niessen kulturgunean, 19:00etan.
Iker Fernandezen hitzetan «abentura bat» izan da, «musikatik abiatu eta harago iristeko saiakera bat». Izan ere, lau bideoklip estreinatuko ditu Muskulok igandeko kontzertuan, Lau diskoan jasotako kantu bakoitzeko bana. «Pantaila erraldoi batean estreinatuko dira bideoklipak, eta zuzenean kantu horiek jotzen gu ariko gara», aurreratu du Muskuloko tronpeta jotzaileak. Irudi estreinatu berrien gainean, zuzeneko musika, horrek dakarren zailtasunarekin. «Kristoren lana da. Klaketa eramango dugu kaskoetan, erreferentziak behar ditugulako, musikak irudiarekin batera joan behar duelako, zehatz mehatz. Zaila da, baina abentura bat da, erronka bat».
Norbere ikuspegitik
Zazpi Térdik, Lolicak, Filmotivek eta Maider Fernandez Iriartek sortu dituzte bideoklipak. Musikariek luzatu zieten proposamena eta haiek, gustu handiz, bere egin. «Liluragarria iruditzen zaigu haiek proposamena jaso izana», adierazi du Fernandezek, esker onez. Librean aritu dira sortzaileak, nahieran lanean, eta emaitzan igarri dela nabarmendu du Fernandezek, «lau bideo zeharo ezberdin» sortu dituztelako.
Artxiboko irudiekin lan egin du lehenbizikoz Maider Fernandez Iriartek. Dokumentalista da, baina oraingoan esperimentatzea erabaki du, eta hasiera eta bukaera duen istorio bat osatu du
Bûches kantuarentzat;
2016-rako lana Filmotivek eta Lolicak sortu dute, ilustrazioen bidezko jolas bat proposatuz eta musikari oso lotuta, eta egile berberak izanagatik oso bestelako lana egin dute
Mariatxi kantarentzat, istorio bat kontatuz, gidoi eta aktore batekin. Azkenik, Zazpi Térdiko David Aguilarrek
Todos los fuegos poemaren unibertsoa irudietan jaso du. Lauen lanari erreparatuta ezin argiago esan. «Zoragarria izan da ikustea bakoitzak nola eraman duen bere mundura gure musika».
Horregatik, Muskulo taldekoek jaso dituzten bideoklipak oso gustukoak dituztelako, jendeak ikus ditzan irrikaz daude. «Desiratzen nago jendearen erantzuna ikusteko eta espero dut, guri bezala, jendeari ere gustatuko zaizkiola».
Anakrusarekin dantzan
Igandekoa «ospakizun» bat izatea nahiko luke Muskulok, sormenaren esparruan lanean ari diren lagunentzako oparia, egitasmo honek iraun duen urtebeteko epean, «elkar elikatzen eta elkarri xaxatzen» aritu direnen sortzaileen aldeko festa.
Izan ere, bidean sinergia asko sortzen joan dira, eta Niessengo oholtzan, etzi, nabarituko da. Bideoklipen estreinaldian Anakrusa Taldearen dantza garaikideaz gozatzeko aukera izango da. Denbora batez agertokietatik urrun, energiaz beteta itzuliko da oholtzara Noemi Viana,
Reset pieza estreinatzeko.
Anakrusako kide Noemi Viana eta Iñigo Ortegarekin elkarlana nola sortu zen gogoratu du Iker Fernandezek. «Noek Todos los fuegos abestiarekin pentsatuta koreografia txiki bat prestatu zuen, eta horrek berriro dantzatzeko bultzada eman zion».
Eta bultzada hori baliatuta Muskuloren beste lau kantu aukeratu eta
Reset pieza sortu du Anakrusa taldeak, etzi ekitaldi berean estreinatuko duen pieza. «Muskuloren musikan oinarrituta, paisaia apokaliptiko batean bizitza berri baten bila dabilen pertsonaia» azaleratuko du Noe Vianak dantza bidez, Muskulok zuzenean jo bitartean.
Eta ekitaldia biribiltzeko beste bi ohorezko gonbidatu. Gaua irekitzeko HATXEk pianoa joko du. «Iruditzen zitzaigun Idoia Hernandezen musikak balio zezakeela jendeari harrera goxoa egiteko», azaldu du Iker Fernandezek. Azkenik, azken orduko beste berritasun bat:
Zain film laburraren estreinaldia, Zazpi Térdiko Peio Gutierrez Peñalbaren lana. «Abesti baten moldaketa egin genuen haren film labur baterako, eta hark orain erabaki du bere filmaren estreinaldia igandean egingo duela», aurreratu du. Filmaren gainekoak ezagutzeke, musika Muskulok egin duela eta taldeko partaideak agertuko direla aurreratu du.
Geroa zain
Igandeko estreinalditik harago proiektu honek zein bide egingo duen galdetuta, erantzuna ez du oraingoz argi Muskuloko kideak. «Guk bideoklipei bizitza eman nahi diegu. Bakoitzari bere tartea eman, eta sare sozialen bidez zabaldu, banaka, artista bakoitzari zori diogun errekonozimendua eskainita».
Hortik aurrera etzi taularatuko duten formatu berean mugitzea «zail» ikusten du, nahiz eta aukerari ateak itxi ez. «Teknikoki edozein tokitan ezin da egin, baina aukerak sortzen badira, pentsatuko dugu».