Piraguismoko Espainiako ur lasaietako maratoiko II. Kopa jokatu da Galizian asteburuan.
Podiumean, ezkerretik eskuinera, Imanol Burguera, Guridi kantabriarra eta Pariente asturiarra.
Larunbatean jokatu da Pontevedran Espainiako ur lasaietako maratoiko II. Kopa, eta Pasaiatik abiatutako ordezkaritzak kontuan hartzeko moduko lorpenak erdietsi ditu bertan.
Lorpen gorena Imanol Burguerarena izan da. Zilarra irabazi du Beteranoak A kategorian. Pasaia Kayak taldeko harrobiko palista da Burguera eta talde bereko gazteen kirol koordinatzailea. Oso proba ona osatu du Pontevendran, uretan Santanderreko ordezkariarekin lehia bizian. Zoritxarrez, baina, lehorretik korrika egin beharreko azken tartean ezin izan zion palista kantabriarraren erasoari erantzun, eta bigarren izan da helmugan, 1:35:53ko denborarekin 21 kilometroko ibilbidea betetzeko, irabazlearengandik 30 segundora.
Donostia Kayak taldeko Aitor Vilariño palista pasaitarrak ere parte hartu du lehian, Seniorren kategoria nagusian, baina zorte okerragoarekin. Irteera bikaina egin zuen, baina ibilbidearen erdi aldera lemarekin izandako arazo konponezin batek jokoz kanpo utzi zuen. Ezin izan zuen proba amaitu.
Kadeteen Mailan Sara Tarragona errenteriarra txukun aritu da, bere proba hamabigarren postuan amaituz.