Emakume konpositoreak hauspotuko ditu Musikastek
Hamar estreinaldi, berrogeita bederatzi musikagileren lanekin dator Musikasteren 46. ekitaldia. Horietatik 24 lan garaikideak dira, eta hauetako hamalau emakume musikagileenak.
Izan ziren eta badira, eta iaz hasitako bidetik, emakume musikagileen lanak hauspotuko ditu ostegunean hasi eta hilaren 26ra arte Eresbilek antolatu duen Musikasteren 46. ekitaldiak. Gaur aurkeztu dute Euskal Musikaren Astea Eresbilen egoitzan Jon Bagues Eresbileko zuzendariak, Julen Mendoza alkateak, eta Arantza Arzamendi Andra Mari Abesbatzako ordezkariak. Aurtengo Musikaste emakumeari lotu zaiola nabarmendu du Baguesek, “emakume musikagileen papera goraipatu nahi dugu. Iaz ere, emakumearen presentzia areagotzearen alde egin zuen musikaren asteak, Maria Luisa Ozaita konpositorea hil zelako, baina aurten zerbait sendoagoa egin nahi genuen, emakume musikagileei eskeini Musikaste bat”. Horren erakusle, aurten 25 emakume musikagileren lanak bildu ditu Euskal Musikaren Asteak, eta horietako 14 gainera, lehen aldiz izango dira, Beatriz Arzamendi, Marie Bernadette Dufourcet, edo Margarita Lorenzo de Reizabal, kasu. Datu bat ere eman du, “XIII. mendetik hasi eta egun arte Eresbilen ditugun 1.4000 konpositoreen artetik, 70 baino ez dira emakumeak. Sakondu egin behar dugu ahal ditugun guztiak berreskuratzeko, eta horretan ari gara. Egun dauden emakume konpositoreak babestu behar ditugu, bestalde, beraien lana sustatu, asko direlako. Ikerketa falta da”. Kontzertu bakoitzean, gutxienez emakume musikagile baten obra interpretatuko da eta egingo diren kontzertuetatik bitan emakumeek sortutako obrez osatuta izango dira osorik: larunbata honetako (hilak 19) musika garaikidearen sailean Quatuor Europa Madalenaren basilikan 20:00etan egingo duen kontzertua izango da bata; eta Ganberako Musika sailaren barruan hilaren 24an (osteguna) Niessen Kulturgunean 20:00etan hasita izango den emanaldia da, bestea. Lehenengoan, Maria Luisa Ozaita, Teresa catalan, Zuriñe Fernandez Gerenabarrena eta Beatriz Arzamndiren lanak joko dituzte; bigarrenean, berriz, Emma Chacon, Julie Adrienne Carricaburu, Emiliana de Zubeldia, Anita Idiartborde eta Maria Luisa Ozaitarenak aterako dituzte oholtzara, guztiak gainera, ezezagunak. Horiekin batera, saiakera berezia egin duela Eresbilek aurtengo Musikasteri begira nabarmendu du zuzendariak hainbat generotan emakumeek sortutako lanak aurkitzeko: “Txistua, musika erlijiosoa, edo bandarako musika sortu duten emakumeen lanak aurkitzea oso zaila da, eta hori bermatzeko saiakera berezia egin dugu”. Horren harira, erlijio orden ezberdinetako emakumeek sortutako eliz musika entzuteko aukera izango da, zehazki, Ignacia Olaizola, Mercedes Boyer, Eladia Garate, sabina Iriondo, edo Sor Maria Concepcion del Santisimo Sacramentok sortutako obrak. Txisturako lanak idazten dituzten emakumeek ere izango du lekua, eta Udal txistularien bandak egingo duen emanaldian Kontxi Labandibar, Sofia Larrauri edo Arantza Troncosoren lanak txertatuko ditu kontzertu egitarauaren barruan. Organo doinuak eta Aita Donostia, Raul del Toron eskutik Bestelako emanaldiak ere prestatu dituzte Musikastek iraungo dituen bederatzi egunetarako. Tartean, Raul del Torok Aita Donostiaren gaineko doktoretza tesia egiteko egindako ikerketaren ondoren aurkitutako konpositorearen obra berriak joko ditu Jasokundeko Andra Maria Parrokian igandean (hilak 20) 10:30etan hasita. Emanaldi horretan, Marie Bernadette Dufourcet organista eta musikologoak idatzitako Vent Oblique lana ere entzuteko aukera izango da. Egun berean eskainiko du kontzertua EMKEren Musika Bandak Foru plazan 12:30ean hasita. Kontzertu horrekin Eusko Ikaskuntza omenduko du Musikastek bere mendeurrenean: “Besteak beste, Musika Vasca (Tolosa) argitaletxearen sorrera babestu zuen Eusko Ikaskuntzak, eta horrek lan handia egin zuen bandarako obrak argitaratzeko. Musikastek, obra horietako batzuk aukeratu ditu, eta Musika Bandak joko ditu Carlos Rodriguezen zuzendaritzapean. Kontzertua amaitzeko, Margarita Lorenzo de Reizabal musikagilearen American Souvenir obraren hautaketa bat entzuteko aukera izango da”. Jazzak ere izango du tartea. Donostia eta Gasteizko kontserbatorioetako Big banden eskutik helduko da hori ostiralean (hilak 18) Niessen kulturgunera, eta mende erdia bete duten hiru abesbatza ere izango dira Musikasteren egitarauan, Leioako San juan Bautista Abesbatza, Gasteizko Araba Abesbatza, eta Zangozako Nora abesbatza. Horiekin batera, errenteriako Landarbaso abesbatza arituko da hilaren 25ean (ostirala) 20:00etan Fatima Andra Mariaren parrokian. Hilaren 26an Musikasteri ginga jarriko dio Andra Mari Abesbatzak eta Euskadiko Orkestra sinfonikoak elkarrekin emango duten kontzertuak. Duela 200 urte zendu zen manuel sagastiren Requiem mezaren hiru zati interpretatuko dituzte , eta tarte a izango dute halaber, maria Eugenia Lucen Jing lana eta Luisa Ozaitaren Siciliana obrak. Horiekin batera batere ezagunak ez diren Rodrigo A. de Santiago, Ramon Usandizaga eta Beltran Pagolaren zenbait obra jo eta abestuko dituzte Euskadiko Orekestra Sinfonikoeran zuzendaria den Robert Treviñok zuzenduta. Hamar estreinaldi, berrogeita bederatzi musikagileren lanekin dator Musikasteren 46. ekitaldia. Horietatik 24 lan garaikideak dira, eta hauetako hamalau emakume musikagileenak. Errenteriako alkateak Musikasteren egokitzeko gaitasuna nabarmendu du, “egoera eta behar berrietara egokitzen jakin du, eta hori zoriontzekoa da, batez ere emakumeei emandako protagonismoagatik”. Emakumeen paperari erreparatu dio, eta martxoaren 8ak “gizartearen kontzientziazio handiago bat” zabaldu duela esan du, “etorkizunean gauza asko aldatuko ditu horrek, eta Musikastek jakin du hor kokatzen emakume konpositoreen lanak berreskuratzeko eta horiek sustatzeko hasitako erronkarekin”. Jose Luis Ansorenari ere egin dio erreferentzia, “hilaren 2an omenaldia egin zitzaion eta Musikasteren sortzaile izanik hura gogora ekarri nahi dut”.