Igoera jokoan, hil ala biziko partida du Pasaiak larunbatean
Don Boscon da partida, Oiartzunen kontra,16:30ean; helduek sarrera debalde izango dute, eta haurrek lehen taldearekin argazkia egiteko aukera.
Oiartzunek ez du ezer jokoan, eta asko, berriz, zuri-gorriek. Iaz 3. Mailatik jaitsi eta gero kategoria berreskuratu dezake aurten Pasaiak. Igoera lortzeko bidean, baina, oso garrantzitsua da larunbatean irabaztea, eta horregatik zaleak deitu dituzte Don Boscoko zelaira igo eta harmailetatik bultzatzera. Debalde izango da sarrera helduentzat eta haurrek aukera izango dute lehen taldeko jokalariekin argazkia egiteko. 16:30ean da partida. Ordizia lider Futboleko Ohorezko Erregional Mailatik 3. Mailara soilik lehen sailkatua igoko da zuzenean, eta oraingoz Ordizia da horretarako faborito, bi partidaren faltan bera dagoelako sailkapenaren buru 69 punturekin. Pasaia bigarrena da oraingoz, 66 punturekin, eta hurrengo bi partidetan ezer jokoan ez duten bi aurkari izango ditu aurrez aurre: Oiartzun larunbatean eta Real Union denboraldiko azken partidan. Ordiziak, zentzu horretan, zailagoa izan dezake, Hernani eta Aretxabaletaren kontra dituelako partidak. Aretxabaletak ez du ezer jokoan, baina Hernani sailkapeneko laugarren tokian da. Gertatzen dena gertatzen dela, bigarren sailkatuak promozioa jokatuko du, eta 3. Mailan gertatzen denaren menpe izango da haren igoera. Beraz, garrantzitsuena oraingoz, datozen bi partidak bai ala bai irabaztea.