Antxo festibaletik at utzi izanak kritikak eragin ditu
Laurak Bat Merkatari eta Ostalarien elkarteak "bazterkeria" salatu du, baita Pasaiako EH Bilduk ere.
Hautsak harrotu ditu Pasaiako Itsas Festibalak Antxoko barrutian ekitaldirik ez antolatu izana. Ez dira gutxi sare sozialen bidez beren haserrea azalarazi duten herritarrak, eta azken egunetan herriko beste hainbat eragile salaketa bera egin dute.
Pasaiako EH Bilduk publiko egin du bere irakurketa. Festibalaren arduradunei “Antxoko eragileak baztertuta utzi” izana egotzi diete, bertan ekitaldirik antolatu ez izanagatik. Horrez gain, koalizio abertzalearen ustez, aukera bat galdu da Portuari Antxorako motora zerbitzua ezarri dezala eskatzeko.
Kritiko agertu da baita ere Laurak Bat Merkatarien eta Ostalarien elkartea ere. “Desengainua eta atsekabea” adierazi dituzte, “Antxoko barrutian ekitaldirik antolatu ez delako”, “kontuan izanik merkatari eta ostalarientzat bultzada ekonomiko garrantzitsua izango litzatekeela”.
Merkatarien arabera, Antxotik badiara heltzea zaila den arren, ” egitarauaren barruan jasotako jarduera asko” Antxon egin zitezkeen inolako arazorik gabe.
