Gaintxu AFT areto futbol taldeak Gipuzkoako Lehen Mailara igotzeko kanporaketa jokatuko du igandean Leitzako Aurrera taldearen kontra.

Igandean, 12:00etan jokatuko dute lezoarrek kanporaketa Leitzan.
Duela asko ez dute sortu, baina ari da bidea egiten, ona gainera. Hiru urteren buruan, areto futboleko Gipuzkoako Hirugarren Mailatik Lehen Mailara igotzeko aukera du, asteburuan Lezoko Gaintxu AFT areto futbol taldeak duen partida irabazten badu. Azken koska falta zaie, bigarren kategoriatik lehenerako jauzia: igandean egin dezakete hori, Leitzan.
Izan ere, igandean, 12:00etan eta Leitzako kiroldegian, etxeko Aurrera taldearen kontra jokatuko du Gaintxuk. Horren irabazlea, zuzenean igoko da Gipuzkoako Lehen Mailara, partida bakarreko kanporaketa da. Horregatik, zaleen laguntza eskatu dute lezoarrek, eta autobusa prestatu dute Leitza aldera joateko. Tiñelun eman behar da izena.
Taldeko jokalariek, mendekosteetako gauak, ziurrenik, ez dituzte beste egoera batean baleude bezala gozatuko. Neurriz ibiliko dira. Baina egoerak merezi du, igoera bat, amets bat dutelako jokoan.
Ligako neurketak
Gipuzkoako Bigarren Mailako liga bigarren postuan bukatu zuen Leitzako Aurrerak, 50 punturekin. Hirugarren izan zen Gaintxu, puntu bat gutxiagorekin. Sasoiko bi neurketetan nafarrak izan ziren garaile: ligako lehen jardunaldian (2017ko urriaren 7ko astebukaeran) 8-2 irabazi zion Aurrerak Gaintxuri; bigarren itzuliko lehen jardunaldian izan ziren aurrez aurre Bekoerrotan bi taldeak (otsailaren 3ko asteburuan), leitzarren aldeko 3-4 emaitza izan zela. Ligako neurketei dagokienez, behintzat, panorama zaila dute aurretik unibertsitatekoek.
Baina partida bakarrerako kanporaketetan edozer gerta liteke. Ligako azken jardunaldian Oiartzunen galdu arren, konfidantzaz beteta joan beharko lukete Gaintxukoek Leitzara, zuhur, baina itxaropen handiz. Ikusiko da, irabaziko balu, mendekosteek jai egun bat gehiago izango duten ala ez.