Emakumeok martxan, ahalduntzerako bidean goiburuarekin, datorren astelehenean (hilak 21) zabalduko dute erakusketa.
Lopez de Etxezarreta hainbat emakume elkarteetako ordezkariekin gaurko agerraldian.
Errenteria-Oreretako auzoetako emakume elkarteek, udalarekin batera ikasturte honetan zehar egin dituzten lanekin erakusketa antolatu dute Merkatuzarren.
Emakumeok martxan, ahalduntzerako bidean goiburuarekin, datorren astelehenean (hilak 21) zabalduko dute erakusketa eta bost egunez, hilaren 25era arte, izango da hura ikusteko aukera 17:00etatik 20:00etara.
Gaur aurkeztu dute erakusketa Garazi Lopez de Etxezarretak, Berdintasun zinegotziak, eta Ondartxo, Itzatu, Laguntasuna, eta Erlontzi emakume elkarteetako hainbat ordezkarik. Guztira, 11 emakume elkarte daude udalerrian, eta horien guztien lanak izango dira erakusketan. Lopez de Etxezarretak azaldu duenez, datozenak, ikasturtean zehar egin dutena jendarteratzeko egunak izango dira, “hilabeteetan zehar ikasitakoa ezagutzera emateko egunak”.
Erakuste horretan, Eraldaketa Feministarako Eskolan landutakoek ere izango dute lekua, panel ezberdinen bidez. Lanak ikusteko aukeraz gain, tailerrak ere antolatu dituzte erakusketak irauten duen bitartean, eta besteak beste, olio pintura, patchwork, euskal dantzak, mahai jokoak, edo areto dantzak lehen eskutik ikusi eta horien gainekoak ikasteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
11 emakume elkarte daude une honetan Errenteria-Oreretan, “udalak utzitako lokaletan ari dira guztiak, kasu batzuetan auzo elkarteetan eta beste batzueten erretiratuen elkarteetan”, azaldu du Lopez de Etxezarretak. Guztira, 1.200 emakumek hartzen dute parte horietan.
Ekintzen egitaraua
- Hilak 21, astelehena: Eho-ziri lanak, 17:00etan Merkatuzarren.
- Hilak 22, asteartea: Olio pintura, 18:30ean Merkatuzarren.
- Hilak 23, asteazkena: Patchwork, 17:00etan; Euskal dantzak, 18:30ean, Merkatuzarren.
- Hilak 24, osteguna: Mahai jokoak, 17:00etan Merkatuzarren.
- Hilak 25, ostirala: Areto dantzak, 18:30etik 20:00etara, Merkatuzarren.