Beranduenez datorren asteko asteazkenean porturatuko da Pasaian
L’Hermione. Hala baieztatu du gaur goizen Denis Itxaso kultur diputatuak
Kaskelot ontzian egin duen agerraldian.
Iragarri duenez hilaren 27ra bitartean egongo da Portuan, eta modu horretan ontzia bisitatzeko sarrera erosita zuten pertsonek datorren asteko ostegunetik aurrera bisitatzeko aukera izango dute nahi izanez gero. Data aldatuta bisitara etortzerik ez dutenei dirua itzuliko diete, eta oraindik sarrera erosi ez eta fragata bisitatu nahi dutenek, berriz, bigarren aukera bat izango dute sarrerak salgai jarriko dituztelako portuan bertan.
Galegoa eta frantsesa, Pasaiako hizkuntzak
Goiza lasai joan da festibalaren bigarren egunean. Giro ederra dago, eta bisitari asko gerturatu dira badiaren alderik alde ari diren ontziak ikustera, oraingoz patxadaz. Motora zerbitzua baliatuta barrutitik barrutira ari dira bisitariak, erakusketak bisitatzen eta paseoan. Kaleetan gaztelania eta euskara ez ezik, galegoa eta frantsesa nagusi.
Eta bien bitartean, Zaporeak elkarteko boluntarioak buru belarri lanean, ontzi tradizionalak ekarri dituzten elkarteetako kideentzako otorduak prestatzen eta zerbitzatzen. Irabaziak siriar errefuxiatuak laguntzera bideratuko dituzte.
Arratsaldetik aurrera espero da jende uholdea, itsasontziak ikusi eta astebururako atondutako
egitarauaz gozatzera gerturatuta.