
Culturmar eta Fato Cultural Galegoko kideak, San Pedroko arrantzaleen auzoan, Castelaori eskainitako omenaldian.
Ez da kontu berria, baina aurten oihartzun berezia izan du. Culturmar elkarteak Daniel de Castelao omendu zuen atzo San Pedroko Arrantzaleen auzoan, bere izena daraman kalean. Urtero egiten dio omenaldia galiziar abertzaletasunaren sortzaileari Fato Cultural Galego elkarteak, Letras Galegas ospakizunaren testuinguruan. Aurten, gainera, ospakizunak bat egin du Galizia ohorezko gonbidatu izan duen Pasaiako Itsas Festibalarekin, eta bi elkarteak bildu ditu omenaldiak.
Galiziar komunitateak sortutako auzoa da San Pedroko Arrantzaleena, eta han, atzo, gaita doinuak ozen entzun ziren. Kale jira eta lore eskaintza egin zituzten, Manuel Mariaren bertsoak irakurri bitartean, eta ekitaldiari Galiziar ereserkia kantatuz eman zioten bukaera. 150 lagun etorri dira Galiziatik Itsas Festibalera, hango itsas ondare eta kulturaren berri ematera.
Milaka bisitari
Txiki geratu da herria egunero Festibala hasiz geroztik. Larunbata gauean mundu bat bildu zen Trintxerpera, Morcheeba eta Rural Zoombies taldeen kontzertuak erakarrita, eta atzo ere lepo egon ziren kaleak goizetik iluntzera arte. Badiara bildutako milaka bisitariek ontzi tradizionalen zeharkaldiekin gozatzeko aukera izan zuten, lehorrean antolatutako egitarau oparoaz lagunduta.
Festibalak gaur du berez azken eguna, eta oraindik egin ez duenak
Kaskelot eta
Mater ontziak bisitatzeko aukera izango du egunean zehar. Azkenik, Albaolaren Kultur Faktoriaren kanpoaldean sortzen ari diren grafiti handiaren lan saioa jarraitzeko aukera izango da gaur baita ere.
Festibalari itxiera, baina,
L’Hermione ontziak emango dio. Beranduenez asteazkenean porturatuko dela iragarria dago, eta igandea bitartean egongo da Pasaian.